Aurten Ohorezko Erregional Maila, Gorengo Maila, Ohorezko Jubenil Maila eta Ohorezko Kadete Maila taldeez gain, Jubenil Gorengo Mailan ere izango du ordezkaritza talde urdin-beltzak. Batzuk etxean, besteak kanpoan lehen hiru puntuak eskuratzeko borrokatuko dira.
Aipatu moduan, ez dira guztiak hileko hirugarren asteburuan hasiko. Futbol elkarteetako gainerako taldeak hilaren 29an aterako dira zelaira. I. Erregional, I. Jubenil eta I. Kadete mailetako taldeak izango dira horietako batzuk eta horrela banatuko dira elkartearen arabera.
Ostadar SKTk erregional eta jubeniletan talde bana izango ditu eta kadeteetan hiru –bi mutilen mailan eta bat nesken kategorian–.
Texas Lasartearra CFk, aldiz, aurten lau talde izango ditu lehian maila horietan. Elkarte zuri-urdinak kategoria horietako bakoitzeko ordezkari bakarra izan du azken urteetan, aurten jubenil mailako bi talde izango ditu, ordea.
Derbiak hiru mailatan
Urdin-beltzek eta zuri-urdinek bat egingo dute hiru maila horietako multzoetan –erregional mailan zein jubenilean 4. multzoan eta kadete mailan, 5. multzoan – eta herriko bi taldeen arteko lehiak ikusi ahal izango ditugu aurten ere Michelin kirol guneko zelaian.
Horiez gain, Gipuzkoako federazioko egutegiaren arabera, 1. Infantil maila, Infantil Handia eta Infantil Txiki ere lehian hasiko lirateke, baina oraindik ez dago informaziorik.
Talde guztiak maiatzera arte lehen postuetan egoteko lehiatuko dira jaitsierak saihestu eta maila igoera lortzeko.
Lagunartekoak eta torneoak
Abuztuan lanean hasi eta denboraldiari begira lagunarteko ugari jokatzen ari dira talde ezberdinak. Maila federatutako kideak ez dira zelaira jokatzera atera diren bakarrak izan, ordea. Texas Lasartearra CFko futbol eskolako gaztetxoak Logroñoko Prado Viejo zelaian (Errioxa) izan ziren hilaren 14an eta 15ean. Balsamaiso Peñak antolatutako X Fernando Hernaez Nani oroimenezkoan parte hartu zuten.