Hilabete batzuk geratzen dira oraindik Inauterietan murgiltzeko, baina horiek garaiz eta ganoraz prestatzeko asmoz, mozorrorako gaiak proposatzeko parte hartze prozesua abiatuko du udalak egunotan. Hala jakinarazi du Agustin Valdivia alkateak, Jaiak saileko zinegotzi Txus Alonsok eta Parte Hartze saileko batzordeburu Nagore Duranek.
Hasteko eta behin, aurtengo prozesuak izango duen berrikuntzaren berri eman du Duranek. Esan du bi fasetan banatuko dela. Abiatzearekin batera, herritarrek proposamenak egin eta udalari helaraziko dizkiote. Horretarako hilaren 23tik urriaren 6ra arteko epea izango dute. Etxeko postontzietan jasotako eskuorriaren bidez eman ahalko dituzte iritziak. Horiek udalaren parte hartze postontzietan (Emakumeen Zentroa, kultur etxea, Gaztelekua, udaletxeko arkupe zaharrak edo kiroldegia) utzi beharko dituzte gero . Sarean egiteko aukera ere izango dute lasarteoriatarrek, epealdi berean, udalaren web atariaren bidez.
Proposamenak egiteko epea amaituta, jasotako iritziak Inauterietan parte hartzen duten konpartsei jakinaraziko dizkiete, eta horiek arduratuko dira guztien artetik bost aukeratzeaz. Hala, atzera berriz bost horiek herritarrei jakinaraziko zaizkie, eta berriz ere bost horien artean bat aukeratzeko parte hartze prozesuaren bigarren fasea zabalduko da. Gauzak horrela. urriaren 21etik azaroaren 3ra arteko epealdia zabalduko du udalak bigarren fase horretako iritziak jasotzeko, eta, data hori igarota iragarriko dute mozorrorako gaia izango dena, azaroaren 6an. Udal ordezkariek ohartarazi dute gai batekin baino gehiagorekin berdinketa gertatuz gero, konpartsekin erabakiko dela gaia.
Hitzartzea amaitzeko herritarrak iritziak ematera gonbidatu dituzte.