Mugikortasun jasangarriago baten aldeko saiakera

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 18a, 17:17

Ikasturte berria hastearekin batera, Lasarte-Oriak Europako Mugikortasun Astearekin bat egingo du beste behin. Gauzak horrela, hilaren 20tik 27ra bitartean jardueraz beteriko egitarauaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek

18. Mugikortasun Astea aurrera eramango du Lasarte-Oriak, Konbinatu eta mugitu! lelopean; hala jakinarazi du Artelatz enpresako ordezkari Eli Gondatek, Agustin Valdivia alkateak eta Ingurumen teknikari Itziar Gurrutxagak.

Nabarmendu dute mugikortasunak garrantzi handia duela gure bizitzan, eta arlo hori modu iraunkorrean lantzeak "mundu garbiago eta osasuntsuago bat" sustatuko duela. Ekimenaren helburu nagusia zein den ere zehaztu dute; gure herrian egunerokotasunean egiten ditugun joan-etorriak oinez edo bizikletaz egitea. Hori hala izanik. bizikletaren garrantzia azpimarratu dute, eta, gaineratu, !egunerokoan airea garbi mantentzeko tresnarik onena eta eskuragarriena dela.

Garraio publikoa erabiltzearen garrantzia ere mahaigaineratu dute. Horren erabilera sustatzeak eta handitzeak sare publiko osoagoa sortzen lagunduko duela gailendu dute, eta esan, bi arlo horiek landuz, airearen garbiketan eragin positiboa lortzeaz gain, etorkizunean ingurumenaren zaintzan eta inguruko paisaian ere eragina izango duela. 

Mugikortasun astearen egitaraua, egunez egun

  • Hilaren 20a, ostirala. Manttangorri hiribusak urteko gainerako egunetan bezala funtzionatuko du, baina egun horretan doako zerbitzua emango du.
  • Hilaren 23a, astelehena. Jarri bizikleta prest MUGIrekin. Furgoneta mugikor bat egongo da bizikletei oinarrizko konponketak egiteko. Okendo plazan izango da, 16:00etatik 20:00etara, eta jakinarazi dutenez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak antolatutako jarduera da. Bertan parte hartzeko MUGI txartel pertsonalizatua aurkeztu beharko dela ohartarazi dute. 
  • Hilaren 27a, ostirala.
    • 11:00etan. Ondo ibili! taldea abiatuko da udaletxeko arkupeetatik. Adineko pertsonei zuzendutako jarduera honen helburua da oinez ibiltzeko ohitura osasungarria sustatzea. Programa egun horretan hasiko dute eta astero errepikatuko dute.
    • 16:30etik 20:00etara. Bizikleten bigarren eskuko azoka burutuko da Okendo plazan. Egoera onean dauden bigarren eskuko bizikletak eta patineteak onartuko dituzte, beraz, aukera ezin hobea izango da horiek prezio onean erosteko. Berea saldu nahi duenak, adin nagusikoa izan behar du eta aldez aurretik izena eman, www.merkabi.eus/lasarte-oria webguneko formularioa betez edo 943.67 02 49 telefonora deituz. Inskripzioa egitearekin batera, bizikleta eramateko hitzordua aukeratu beharko du. Ohartarazi dute bizikleta erosleek eskudirutan ordaindu beharko dutela.
    •  17:00etatik 19:30era. Jolasak antolatu dituzte, Okendo plazan eta inguruan. Bizikleta zirkuituak, zinta jolasa, trebetasun probak eta beste hainbatetan aritzeko aukera eskainiko dute. Horrekin batera, aisialdiko jolasak eta ludoteka ere egongo dira. Hori guztia aurrera eraman ahal izateko, antolatzaileek jakinarazi dute egun horretan Kale Nagusia itxita egongo dela 1 eta 30 zenbakien artean, 16:30etik 20:00etara.
    • 17:00etatik 19:00etara. Gurpil kameren gaineko berrerabileraren tailerra burutuko dute, eta, aldi berean, lasterketak egingo dituzte scalextric zirkuitu batean. Azken horrek, parte hartuko duten pertsonen pedalen eragitearekin sortutako energia berriztagarriarekin funtzionatuko duela jakinarazi dute antolatzaileek. 
    •  17:00etan. Bizikleta martxa aurrera eramango dute Okendo plazatik abiatuta. Kaskoa erabiltzea nahitaezkoa izango da.
    • 18:30ean. Ostadar SKTren laguntzarekin, ipar martxa saio bat aurrera eramango dute Okendo plazatik abiatuta. Herritar guztiei zuzenduta dago.