Agustin Valdivia alkateak eta Zerbitzu Publikoak departamentuko zinegotzi David Mateosek jakinarazi dutenez, adjudikatzailea izan den Transitia enpresak hamabost egun ditu dokumentuak aurkeztu eta zerbitzu berria martxan jartzeko. Hortaz, egun gutxiren buruan "hobekuntza ugari" izango ditu Manttangorri hiribusaren zerbitzuak.
Astegunetako ordutegia zabaldu egingo dute: 07:40ean hasiko da eta 21:00etan bukatuko da. Hiribusak 40 bat minutuko ibilbidea egingo du hasierako geltokira itzuli arte, eta, batez beste, 200 kilometro. Udal ordezkariek esan dutenez, beharrezkoa izanez gero prest daude ibilgailuak egin beharreko bidean aldaketak egiteko. Astelehenetik ostiralera ez ezik, larunbatetan ere erabili ahalko dute garraiobide publiko hori herritarrek, 14:00etatik 17:00etara arte izan ezik. "Erabilera gutxieneko tartea hori izango dela aurreikusten dugu". Bestalde, egun eta ospakizun berezi batzuetan (San Pedro Jaiak, Inauteriak...) gautxori zerbitzua izango dute eskura. Hori guztia egiteko, gaur-gaurkoz Manttangorri gidatzen duen langilea mantentzeaz gain beste txofer bat kontratatuko du udalak.
Behealdea eta goialdea lotu
Udalerriaren ezaugarri geografikoak zeintzuk diren kontuan izanda, udalaren lehentasunetako bat izan da behealdeko auzoak goialdekoekin lotzea. Hori kontuan izanda, Manttangorrik geldialdi bana egingo du San Frantziskon eta Zatarainen.
Adjudikatutako zerbitzua "jasangarria" izango dela berretsi dute Valdiviak eta Mateosek. Transitiak urtebete izango du gaur egungo hiribusa ordezkatu eta "%100 elektrikoa" izango den ibilgailu berri bat martxan jartzeko. Ekologikoagoa izateaz gain, "modernoagoa eta zabalagoa" ere izango da, gaur egungoak baino toki gehiago izango dituelako, 40 pasatxo.
Azkenik, udal ordezkariek adierazi dute MUGI sisteman integratuta segiko duela Manttangorri hiribusak eta ibilgailu horretatik Lurraldebuseko batera aldatzen direnek ez dutela bi aldiz ordaindu beharko. MUGI txartela duten erabiltzaileek 0,48 euro ordainduko dituzte, eta, ez dutenek, 1,85 euro. Tarifa horiek aldatu egin daitezke segun eta sistema hori kudeatzen dutenen arteko hitzarmena nolakoa den.