Beltzak RTk talde berria du; emakume eta queer taldea lanean hasi da. Zarautzen hasi dituzte saioak, baina Lasarte-Oriako zelai berria martxan egotean bertan lan egitea dute buruan, taldeko ordezkariek azaldu dutenez.
Lehen urte honetan kirolaren nondik norakoak ikastea izango da multzoaren helburua eta ez da lehiara aurkeztuko.
Errugbian lehen pausoak eman nahi dituen emakume edo queerrak animatu nahi dituzte taldearekin bat egitera. 666 32 10 59 zenbakian eskainiko dute informazio gehiago.
Talde sendoren bila
Horrez gain, "talde sendoago eta indartsuago bat osatzeko" asmoz Beltzak eta Zarautz RT taldeek Donostiako Bera Bera taldearekin egin dute bat. Gipuzkoa Sortzen izena hartu du proiektuak eta etorkizunean lurraldeko beste talde batzuek ere elkartzea aurreikusten da.
Ohorezko B mailan eta Euskal Ligako senior mailetan lehiatuko dira proiektuko taldeak eta Fran Puertas herritarra izango da maila goreneko entrenatzaile.
Abuztuan hasi zituzten talde ezberdinek entrenamenduak eta denboraldi berria prestatze aldera, lagunartekoak ere jokatu dituzte. Hilaren 14an, VRAC Beltzak ohiaren Alex Saleta talde berriaren aurka neurtu zituzten indarrak eta 15ean, Txingudi eta Atletico San Sebastianen aurkako hirukoa izan zuten Bera Berako zelaian, Donostian.
Errugbi eskola
Beltzal RTko errugbi eskolako kideak ere lanean dira. 2011 eta 2012 urteko 14 urte azpiko gaztetxoek asteazkenetan 19:30ean dituzte saioak Michelin kirol gunean; txikienek –2013 eta 2016 urte bitartekoek–, aldiz, ostiraletan.
Errugbian trebatu nahi duten haur eta gaztetxoek aukera dute entrenamenduetara hurbildu eta probatzera. Informazio gehiago, 666 32 10 59 zenbakian.