Amaia Iturriotz sailkatu da herrian jokatutako kanporaketan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 15a, 19:53

Gipuzkoak Bertsolari Txapelketako bigarren final zortzirena jokatu dute igande arratsaldean Manuel Lekuona Kultur Etxean. Sei bertsolari aritu dira final-laurdenetarako txartela lortzeko ahaleginean eta Amaia Iturriotz izan da sailkatua. 

Urretxun ekin zioten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari larunbatean eta egun bat geroago herrian egin du bigarren geldialdia lehiaketak. Kultur etxera sarreran Earra Bertso Eskolako kideek sarreren kontrola egin dute eta lanik ez zaie falta izan, auditoria bete egin baitute bertsozaleek. Mikro aurrean Aitor Zubikarai, Amaia Iturriotz, Oier Etxeberria, Manu Goiogana, Iñigo Mantzizidor, eta Aner Peritz jarri dira Haritz Alberdi gai jartzaileak proposatutakoei errimak eta hitz neurtuak asmatzen. 

Aretora sartu dira, han zeudenen moduan, eserlekuen aldetik eta txalo artean igo dira eszenariora, Alberdik haien izena irakurritakoan. Zozketan egokitu zaien hurrenkeran eseri dira eta horri erreparatuta egin dute ere agurra.

Ondoren, zortziko handiko lanei eutsi diete, binaka, Zubikarai eta Iturriotz hasita. Unibertsitatean sartzeko behar besteko nota ez duen gazte baten guraso izatea egokitu zaie. Zubikarai unibertsitate pribatu bat ordaintzeko prest dago, baina Iturriotz, ez. "Diruarekin guztia lortu omen daiteke, bederen. Nik ez nioke erakutsi nahi desberdinkeria zer den", argudiatu du une batean Iturriotzek eta"esan zaidazu EHUk gaur publikotik zenbat duen", erantzun dio bueltan Zubikarai.

Hiruna bertso abestuta ados jarri ez diren beste bi Etxeberria eta Goiogana izan dira. Enpresa berean lan egiten dute eta goi kargu bana hartzea proposatu diete biei. Kargua onartzeko asmoa adierazi du lehenak, "peoi guztiek enpresan enkargatu nahi dute"-la esanda, lagunak, ordea, kontrakoa: "Ni pozik nago eta ederra da konformatzen jakitea". Kontrakotasun horretan sakondu dute hurrengo bertsoetan: "Burdina hautsa jatea bada zure dedikazio, errespetatu beharko zenuke nire aspirazioa", ohartarazpenari Goioganak beste batekin kontra egin dio azken bertsoan: "Aszendituz gero, Oier, igotzen bazara gora/esplotatuta egon edo ez, zure esku egongo da".

Ariketa amaitzeko, Mantzizidor eta Peritz ingurumena zaintzen ahalegintzen diren bikote baten azalean jarri dira, oporretan hegazkinez urrunera joateari utzi nahi dio Mantzizidorrek, baina Peritz ez dator bat. "Uste al duzu gure araura dihoala gizartea? Hippieagoa, bai; hobea ez da furgonetero izatea". Pirinioetara edo Andaluziara joateko garraiobide baliagarria badela erantzun dio Mantzizidorrek, "hegazkin beharrik ez baitaukagu, hegoak aske izateko". Kideak, ordea, argi du orain artekoari eustea: "zu ez bazatoz egingo naiz ondokoaren laguna". 

Lehen lan horrez gain, saio puntuagarria honakoek osatu dute:  binaka, zortziko txikian; bakarka, gaia emanda; binaka, hamarreko txikian; eta binaka, kopla handian.  Horiek eginda, Iturriotz gailendu da, 490,5 punturekin. Haren atzetik, gelditu dira, hurrenez hurren, Aner Peritz, 470; Oier Etxeberria, 467; Manu Goiogana, 466,5; Iñigo Mantzizidor, 460,5; eta Aitor Zubikarai, 442.