Sasoeta auzoko 60 bat lagunek sortu zuten Saustatxo elkartea duela ia bost hamarkada; eta ordutik, urtero, bazkideen bazkaria egiten dute urteurrenaren omenez. Horren aurretik, ordea, falta direnak gogoan, mezatara joaten dira. Hortaz, Ama Brigitarren komentuko kaperan bildu dira 11:00etan Felix Garitanok gidatutako elizkizuna entzuteko.
Ordurako, elkartean zuzendaritzako kideak 14:00etako bazkarirako dena prestatzen ari ziren. Mahaiaren bueltan eseri baino ordubete lehenago iristen joan dira bazkideak elkarrekin aperitiboa egiteko. Trago bat hartu, gilda edo txorizo zatiren bat jan, eta hizketan aritu dira alboko geletako batean. Aipatutako gaietako bat bazkideetako batzuek soinean zeramaten Saustatxoko polo morea izan da, baten batek nola eskuratu ez baitzekien. Gune nagusian, aldiz, buru belarri ari ziren menua bukatzen: urdaiazpikoa, marmitakoa, arkumea labean letxugarekin, pastelak, kafea eta kopa.
Sabela betetzeari ekin aurretik, atarian talde argazkia egin dute. Bazkaltzera bertaratu diren 26 lagunetako ia denak ageri dira irudian, bat hura hartu eta gutxira heldu baita. Eskaileretara bidean, fatxadan jarritako bandera morearen azpitik pasatzean hari muxu emateko txantxa egin dute zenbaitek.
Ateak zabalik
Egun, 67 bazkide ditu Saustatxok, erdi bat sorrerako bazkideek eta haien ondorengoek osatzen dute, bestea, berriz, gerora etorritakoek. Abiarazi zuten lagunetako batzuek jarraitzen dute oraindik, Angel Peña kasu. Iaz omendu zuten 20 urtez elkartearen kontuen ardura bere gain hartu izanagatik. Hori baino gehiago egiten zuela azaldu dio kazetariari, baina orain ez du kezka horiei eusteko gogorik.
Sorreran, kirol eta kultur jarduerak aurrera eramaten zituzten elkartean, eta bai futbol taldea bai danborrada zituen. Hori galtzen joan zen eta, nagusiki, otorduetarako leku gisa gorde da. "Lehengo bazkideak elkartearentzat eta elkarteagatik bizi ziren", gogoratu du aurten lehendakari izatea egokitu zaion Iñigo Landak. Hala ere, bazkideentzako mus eta tute txapelketa, barrikotea eta laster burutuko duten garagardo azoka antolatu ohi dituzte, urteurreneko bazkariarekin batera.
Abagunea baliatu du Landak norbaitek bazkide izan nahiko balu aukera duela esateko. Horretarako, jada kide den norbaitekin bertara dadila Uzturre plazako lokalera eta beharrezko azalpenak emango dizkiote.