Merkatarien eskaintzak aprobetxatu dituzte herritarrek

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 13a, 15:30

Denboraldi berriari hasiera eman aurretik, Stock Azoka aurrera eraman du Aterpea merkatarien elkarteak. Horren bitartez, biltegiko produktuen eskaintza egin die bezeroei. Izan dira maukak baliatu eta erosketak egitera animatu diren herritarrak

Askotariko jarduera eta deialdietan parte hartzeko aukera izan zuten lasarteoriatarrek iragan asteburuan, hilaren 6, 7 eta 8koa. Eskaintza zabal hori, ordea, ez zen oztopo izan herritarrek Aterpeak deitutako Stock Azokan erosketak egitera joateko. Denboraldi berriari ekin aurretik, biltegiratutako produktuen eskaintza zabala egin dute aipatu egitasmoan parte hartu duten negozioek.

Merkatarien elkarteko kide diren hamabi negoziok parte hartu dute jardueran. Hauek dira horiek guztiak: Urruzola mertzeria; Imagine jantzi denda; Olmi mertzeria; Mabel Moda; Iturbe zapata denda; Alba moda; Leder oinetakoak; Nogues moda; Lilura liburudenda; Deco 75 Textil Hogar; Arregi elektrizitatea eta Bote Tattoo. 

Stock Azokaz gain, egitasmoaren barruan beste bi deialdiren ere aurrera eraman dituzte. Alde batetik, hilaren 6an (10:30etik 20:00etara) eta 7an (10:30etik 14:00etara) Flash Day egunak izan ziren Bote Tattoon. Horretaz gain, Patricio tabernak ostiralean, hilak 6, koktelak eskaini zituen DJ batek musikaz girotzen zuen bitartean; 17:00etatik 21:00etara izan zen hori. 

Egitasmoak zein erantzun izan duen jakin eta artikulu hau osatzeko asmoz, parte hartu duten bi negoziorekin hitz egin du TXINTXARRI aldizkariak: Urruzola mertzeriarekin eta Bote Tattoorekin. Pozik agertu dira eta balorazio positiboa egin dute. Jarraian irakur ditzakezue horien testigantzak oso-osorik. 

URRUZOLA MERTZERIA 

"Ostegunekoa izugarria izan zen, asko-asko saldu nuen. Asteburuan eguraldiak eutsiko ziola ikusirik, ostiral eta larunbaterako aurreikuspen bat egin nuen, baina ez zen bete; bi egun horiek eskasak izan ziren salmentei dagokionez. Nik uste kontuan hartu behar dela baita ere, bestelako hitzordu eta deialdiak ere bazeudela egun horietan; horrek ere eragina izan duela pentsatzen dut. 

Aitortu behar dut eskaintza oso onak egin ditudala; hainbat produktuetan 2x1ekoa eta gainerako guztia % 50ean. Biltegiratutako produktuak saltzea zen asmoa, beraz, hori lortzeko eskaintzek onak izan behar dute. 

Horrez gain, kanpainari ematen diogun zabalkundea ere garrantzitsua da. Gainerako merkatariekin batera egiten dugunaz gain, gurea ere egiten dugu. Afixak itsatsi ditugu herrian zehar, eta sare sozialetan ere jakinarazi dugu behin eta berriz. Indarra jartzen dugu horretan ere, lagungarria dela uste baitugu. 

Udazkenari begira erabil daitezkeen produktuak saldu dira gehien". 

BOTE TATTOO

"Oso pozik nago erantzuanrekin; sekulako jende pila izan dugu estudioan. Pentsa, asteburuan egiteko denborarik eman ez digun tatuajeak egiten ari gara egunotan. Piercing-ak egiteko aukera ere eskaini genuen, eta hor ere bezero asko izan ditugu. 

Aldez aurretik erabakitako diseinu batzuen eskaintza egin genuen, bezeroek horietatik gustukoak zituztenak aukeratu dituzte tatuajea egiteko. 

Patricio tabernarekin batera aurrera eraman genuen gure Flsh Day-e, eta arrakastatsua izan da oso; mugimendu handia izan dugu. 

Estudioaren 3. urteurrenarekin bat egin du gainera hitzorduak, eta horrek are hunkigarriagoa egin du asteburuko hitzordu hori. Pozik nago, oso. Denbora batera berriz ere horrelako egitasmo batean parte hartzeko aukera sortzen bada, zalantzarik gabe egingo dut horren alde".