UDALBATZARRA

Manttangorri hiri autobusaren kontratua esleitu dute

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 13a, 15:01

Herritar bat, Manttangorrira igotzen.

Ikasturteko aurreneko ohiko bilkura egin dute udal korporazioko zinegotziek. Manttangorri hiri autobusaren kontratua esleituta, zerbitzua udazkenean jarriko dute martxan. Bestalde, zenbait gai interesgarri jorratu dituzte galdera eta erreguen tartean.

Beste gai batzuen artean, bederatzi aldeko boto eta sei abstentziorekin onartu du korporazioak Manttangorri hiri autobusaren kontratua esleitzea. Zerbitzu Publikoak saileko zinegotzi David Mateosek eman ditu nondik norako batzuk: "Zerbitzu top bat izango da udazkenean martxan jarriko duguna: lehen ordutik 21:00ak arteko etenik gabeko zerbitzua emango dugu, San Frantzisko eta Zatarain auzoetara iritsiko da, datorren urtean ibilgailu elektriko bat jarriko dugu eta langile plantilla bikoiztuko dugu". Udalerriko mugikortasun jasangarriaren alorrerako "albiste bikaina" dela gaineratu du. 

Galderak eta erreguak

Udalbatzarra amaitu aurretik oposizioko hiru alderdiek (EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP) hitza hartu dute udal gobernuari galderak eta erreguak egiteko. Hauxe dira mahai gainean jarri dituzten gaietako batzuk: udaltzainek armak gordetzeko tokia, Zabaletan udalak alokairurako dituen etxebizitzak, eskolako materiala erosteko laguntzak edota udalerriko osasun egoera bideratzeko hurrengo urratsak. 

SAIO OSOAREN LOTURA, HEMEN