Adin ezberdinetako kirolariak Gorka Aristegi entrenatzailearen esanetara biltzen dira astelehen, asteazken eta ostiraletan Maialen Chourraut kiroldegiko tatamian. Txikienak 6 eta 9 urteko gaztetxoek 18:00etatik 19:00etara dituzte saioak, 10 eta 11 urteko kirolariek 19:00etatik 20:00etara eta 12 urteko gorakoek azken horien hasiera ordu bera dute, baina 20:30ean amaituko dute.
Judoan trebatu nahi dutenei irekita dago taldea eta informazioa edo izena eman nahi izanez gero, 651 70 22 85 zenbakira dei dezakete interesdunek.
Aurki hasiko dute txapelketa denboraldia taldeko junior, kadete eta ianfantilek eta gogor ari dira lanean hitzordu garrantzitsuak prestatzeko.
Iraileko hitzorduak honakoak dira:
- 21ean, junior mailako Superkopa, Kanaria Handia, Kanariar Uharteak.
- 28an, junior mailako Superkopa, Valentzia, Valentziako Autonomia Erkidegoa.
Hori dela eta, entrenamenduekin hasi baino lehen, abuztuko azken astean Euskadiko Judo Federazioak Zarautzen antolatutako entrenamendu saioetan izan ziren judo taldeko kideak.