Jarduera sorta ederra iragarri du Biyak Bat zahar egoitzak. Udalarekin elkarlanean prestatu du, eta horren xehetasun guztiak aurkeztu berri ditu, prentsaurrean.
Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunean ekingo dio Biyak Bat egoitzak zortzi eguneko egitarauari; ohi bezala, bandera igoerak abiaraziko du ospakizuna. Urriaren 1ean izango da hori, eguerdian, eta arratsaldean, berriz, 16:00etan, tute eta mus txapelketan aritzeko aukera izango dute interesdunek.
Hurrengo egunean, urriaren 2an, toka eta igel bote jokoetan arituko dira 16:00etatik aurrera, eta musikaz gozatzeko tartea izango dute gero. Los gavilanes mariatxi taldeak emanaldia eskainiko du Manuel Lekuona Kultur Etxean., 19:00etan. Ekimen horiez gain, Jokin Goena akordeoi jotzaileak emanaldi bat emango du Atsobakar egoitzan. Bertatik atera ezin duten egoiliarrentzat, eta euren senideentzat, antolatu dute jarduera hori.
Urriaren 3an, berriz, bingo txapelketa aurrera eramango dutela iragarri dute zuzendaritza batzordeko kideek. Jubilatuen etxean bertan izango da, eta partidak amaitu ostean, 20:00etan, sari banaketa egingo dute.
Egun bat geroago, urriaren 4an, Ondo ibili ibilaldia aurrera eramango dute. 11:00etan abiatuko dira Okendo plazatik. Ostean, eguerdian, indarrak berreskuratu asmoz,egitasmo horretan parte hartuko dutenentzako luntx bat deitu dute Mercero aretoan, eta, arratsaldean, aldiz, 17:00etan bideo foruma izango da Biyak Bat egoitzan.
Ariketa fisikoari eutsiz, urriaren 5ean ibilaldi neurtua egingo dute. Bertan parte hartzeko baldintza da aurrez izena ematea; egoitzan bertan egin ahal izango dute interesdunek inskripzioa hilaren 12tik 26ra bitarte, 10:30etik 12:30erako ordutegian.
Meza, bazkaria eta urrezko ezteiak
Meza izango da urriaren 6ko lehen jarduera. 12:30ean izango dela jakinarazi dute, San Pedro elizan. Hori amaituta, urteroko bazkaria egingo dute Michelingo kirol gunean. Ohartarazpen bat egin dute kokalekuari dakionez; kiroldegi berria eraikitzeko lanak direla medio, tenis pistan egingo dute aurtengo otordua. Ekimen horretan parte hartzeko ere inskripziioa egin beharko dute interesa dutenek. Zahar egoitzra joan beharko dute horretarako, hilaren 16tik 20ra bitarte.
Urtean zehar ikasitakoak erakusteko, gimnastika erakustaldia egingo dute urriaren 7an, kiroldegian 10:00etan. Arratsaldean, berriz, 17:30ean erretiratuen etxean aurrera eramango den musika emanaldi batez gozatuko dute.
Azken ospakizun egina ere jarduerez betea izango dela azaldu dute antolatzaileek. 10:40ean, egoiztatik abiatuko den kalejira batekin hasiko dute eguna, eta meza izango da gero, 11:00etan. Eguerdian, opariak banatuko dizkiete urrezko ezteiak betetzen dituzten egoitzako bazkide diren senar-emazteei. Hamahiruk jasoko dute aurten aintzatespena, eta horiek berak joango dira gero bazkaltzera Herriko Etxeara. Eguna eta ospakizun asteari amaiera emateko, dantzaldia izango da Biyak Bat egoitzan bertan, 16:00etan.
Zuzendaritza batzordeko kideak gogotsu aurkeztu dituzte hitzordu horiek guztiak.