Hipodromoko probarik zaharrena eta luzeena jokatu zen saioan, 108. Donostiako Sari Nagusia-Irizar Saria. Proba zirraragarria izan zen eta Jaime Gelabertek gidatutako El Caney gailendu zen azken 100 metroetan. Zambudio-Ponce de Leon bikoak gidatu zuen lasterketa, azken zuzengunean Gutierrez Val-Shelby eta Janaçek-The Way of Bonnie bikoen arteko buruzkoa egon zen, ordea.
Horietako batek garaipena lortuko zuela zirudien arren, lasterketan zehar taldean mantendu zen Gelabert-El Caney bikoak bere indarra erakutsi zuen biak gainditu eta proba irabazteko.
Aurretik, arratsaldeari hasiera emateko, Hipodromoan debuta egin zuen Hermes Woodek lortu zuen Donostiako sustapena saria. Mouesan-Monte Negro eta Gutierrez Val-Tamaghu izan ziren proba guztian zehar lehen bi postuetan, baina azken 400 metroetan Maxime Foulon jockeyak Hermes Wood kilikatu eta guztiak gaindituz, helmugara bakarrik iritsi zen.
Espainiako Amateur Kopa saria, aldiz, Pablo Labordek eta Always on Time-k eraman zuten. Gredilla-Vita Bareliere bikoak lasterketa gidatu zuen arren, Always on Time Bugatiko bihurgunean eta azken zuzengunean postuak irabazi joan zen. Helmugarako metro eskas geratzen zirela azken errematea eman eta garaile izan zen.
Eguneko hirugarren lasterketan, Raul Ramos herritarrak Bailenekin batera Prodesa ingeniaritza saria eskuratu zuten. Buruz buruko polita izan zuen proba gidatzen izan zen izan zen Gelabert-Briznarekin helmugatik 200 metrora. Baina herritarrak eta Bailenek aurkaria atzean utzi eta garaipena erdietsi zuten.
Jose Luis Borregok eta Portofinok ere azken metroetan lortu zuten Turfaren emakume profesionalen elkarteko saria. Loaiza-Mister Kool eta Sousa-Guerreira bikoak garaipena borrokatzen ari ziren arren, pista erditik biak gainditu zituen Portofinok proba irabazteko.