Donostia Arraun Lagunak-ek, Kontxako bandera urteko garaipen zerrendara

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 10a, 14:00

Donostia Arraun Lagunak-eko eskifaia, portura banderarekin iristerakoan. Arg.: Joseba Parron San Sebastian/Irutxuloko Hitza.

Donostia Arraun Lagunak-ek izugarrizko balentria egin du 2024 urtean. Denboraldi hasieratik sendo jardun da. Gipuzkoa, Euskadi zein Espainiako txapelketako eta Euskotren Ligako garaile nagusia izan da Lugañene. Urteari amaiera paregabea emateko Kontxako bandera ere erdietsi du Aiora Belartieta eta Nahia Goenaga herritarrak kide dituen eskifaiak

Erakusketa ederra egin zuen Donostia Arraun Lagunek Kontxako banderako bigarren jardunaldi euritsuan. Euskotren Ligako lehen lau saikatuak batu ziren saioan eta Tolosaldea, Nortidal Donostiarra eta Orio Orialki gainditu zituen Juan Mari Etxabek zuzendutako taldeak.

Lehen jardunaldiko errenta izan arren, gogotsu atera zen Lugañene irteeran eta probako buru jarri zen. Lehen luzean hiruzpa lau segundoko errenta eskuratu zuen Donostia Arraun Lagunakek aurkariekiko eta Kontxako badiara itxuleran aldea handitzea lortu zuten. 

Helmugan 10.36.16 egin zuen Aiora Belartieta herritarra brankan izan zuen ontziak. Donostiarra sei segundora iritsi zen, Tolosaldea hamarrera eta Orio azkenik, hamabi segundo eta erdira. 

Lehen txandan, Astillero izan zen azkarrena eta Kaiku, Chapela eta Hibaika iritsi ziren jarraian hurrenketa horretan.

Bi jardunaldietako marka batuaz nagusi izan da Donostia Arraun Lagunak eta hirugarren Kontxako bandera gehitu dio bere garaipen zerrendari; bigarrena jarraian.

Sailkapena orokorra (bi jardunaldiak batuta)
  1. Donostia Arraun Lagunak 21.04,42
  2. Nortidal Donostiarra 21.25,08
  3. Orio Orialki 21.25,72
  4. Tolosaldea 21.26,60
  5. Astillero Eneryt Servicios 21.45,10
  6. Chapela Wofco 21.56,08
  7. Kaiku Nortegas 22.02,00
  8. Hibaika Jamones Ancin 22.17,14