Javi Olazagoitia LOTMEko kideak azaldu moduan, elkartearen helburua bere sorreratik mendi lasterketa antolatzea zen eta iazko esperientziaren ostean, aurten ere aurrera egitea erabaki dute. Proba bi urtetan behin jokatuko da eta 2026an izango da hurrengoa.
Aurtengo edizioa berezia izango da, ordea; uztailean entrenatzen ari zela elkarteko zuzendaritzako kide Juanlu (Juan Luis de la Mata) zendu zen eta horregatik bere omenez lasterketaren izenak moldaketa bat izango du, Lasarte-Oriako mendi lasterketa. Juanlu oroituz.
Elkarteko kideentzat hunkigarria izango den edizio hau prestatzeko dena eman dutela onartu zuen Olazagoitiak: "Ez da erraza izan. Juanlu LOTMEko sortzaileetako bat zen eta zerbait beharrez gero, beri zegoen prest laguntzeko. Informatikako kontu guztiak berak zeramatzan eta pixkanaka moldatzen goaz".
Eta saribanaketan, Juanluk zendu baino egun bat lehenago ateratako argazkia eta Juanlu beti gogoan hitzak dituen lona jarriko dutela iragarri zuen.
Ibilbidea eta sariak
Ibilbideak ez du aldaketarik izango. Lasarte-Oriatik Buruntza mendirako joan eta etorriko bidea egingo dute parte hartzaileek, hau da, 4,5 km eta 780 metroko desnibel positiboa duen bidea (Ikus perfila).
Sari nagusiek ere ez dute moldaketarik izango; kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuek 100 euro, 50 euro eta 25 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren. Moldaketa bakarra aipatu zuen Olazagoitiak: "Aurten Buruntzara iristen den lehenak ez du saririk izango. Horren ordez, probako errekorra hausten duten emakume zein gizonak 100 euroko saria jasoko dute. Ez baldin bada marka gainditzen dirua metatzen joango da edizioz edizio".
Dortsal zozketa
Pozik agertu zen LOTMEko kidea izena emate kopuruarekin: "Egun 115 lasterkarik eman dute izena. Iaz garai hauetan 60 bat ziren. Azken asteetan sartzen gara eta jendea animatzea espero dugu.".
Hala ere, eguraldiaren menpe daudela onartu zuen Olazagoitiak. "Eguraldia lagun izatea espero dugu, ez familia ibilaldian bezala. Euria eginez gero parte hartzea jaitsi daiteke".
Lasterkariek hilaren 26a arte izango dute izena emateko aukera LOTMEko webgunean. Dortsal banaketa egunean ere, 28an, inskripzioak egiterik izango dela aipatu zuen Olazagoitiak.
Horrez gain, sare sozialetan mendi lasterketa zabaltzeko bi dortsalen zozketa jarri dute martxan: "Jendeak sare sozialetik lasterketaren berri ematea, lagunak etiketatzea eta partekatzea nahi dugu. Aurtengo lasterketa garrantzitsua da eta 200 parte hartzaileetara iristen baldin bagara pozarren egongo gara".
Azkenik, lasterketa antolatzea sozioekonomiako hitzarmenari esker posible dela aipatu eta herriko babesleei ere eskerrak eman zizkien: "Hau guztia, ez litzateke posible izango laguntzaile eta babesleei gabe. Euren lana eskertzekoa da. Laguntza beti da ongi etorria".
Udal ordezkariek ere hartu zuten hitza. Alkate Agustin Valdiviak izen aldaketa omenaldi polita eta etengabea iruditzen zaiola adierazi zuen. Sozioekonomiako buru Nuria Fernandezek, aldiz, udalak 200 euro gehi BEZeko laguntza eta Tratu on bat markako poltsak ematen dituela gogora ekarri zuen.