Udako argazki lehiaketa abian jarri du TXINTXARRI-k

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 6a, 07:30

Iazko argazki lehiaketako irabazleak.

Argazki politak atera al dituzu udaran zehar? Hala izan bada, aukera duzu TXINTXARRI aldizkariaren argazki lehiaketan parte hartu eta sari eder bat eskuratzeko: batetik, epaimahaiarena, Aldika produktu bereziz betetako sorta bat, eta, bestetik, irakurleena, Errigoraren otar bat. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek baldintza hauek kontuan izan beharko dituzte: argazkiak originalak izatea (hau da, norberak ateratakoak), gehienez hiru bidaltzea eta irudi guztien izenburua jartzea. Azken eguna hilaren 15a izango da, igandea. TXINTXARRI-k bere atari digitalean ikusgai jarriko ditu egun horretara arte jasotako lan guztiak. 

Epaimahaiaren saria argazkilaritza ogibide duten hiru herritarrek erabakiko dute. Irakurleena, aldiz, TXINTXARRI-ren edukietan barrena nabigatzen duten pertsonek, hilaren 16tik 22ra gehien gustatzen zaien argazkiari botoa emanda. 

Argazkiak ateratzea gustuko baduzu eta udaran zehar erakusteko modukoak diren irudiak egin badituzu, anima zaitez lehiaketan parte hartzera eta zorte on!

'Gardentasuna' eta 'Gau giroa'

Artikulu hau ilustratzen duen irudian ikus ditzakezue TXINTXARRI-k iaz egindako argazki lehiaketa irabazi zuten irudiak: epaimahaiaren saria etxeratu zuen Gardentasuna-ren egileak, eta, Gau giroa bidali zuenak, aldiz, irakurleena poltsikoratu zuen.