Buruntzaldea IKTko kideak 4x50 m. libre 20 puntu errelebo mistoarekin hasi zuen lehiaketa. Goizeko sailkapen proban parte hartu zuen Zudairek Daniel Ferrer, David Sanchez eta Marta Fernandezekin batera. Azken posta egin zuen igerilari gazteak (33,08) eta txandako hirugarren amaitu zuten lehia, (02.40,42). Finalerako sailkapena eskuratu zuten seigarren denbora onenarekin, baina Zudaire ez zen hitzordu horretan egon, Sarai Gasconek ordezkatu zuen.
Bakarka, hilaren lehenean egin zuen estreinekoz igerian. Goizean, SM8 mailako 200 m. estilo probako bigarren kanporaketa gainditu zuen Zubietako igerilariak seigarren denbora hoberenarekin (02.52,57). Finalean ezin izan zuen marka ondu (02.54,65) eta zortzigarren sailkatuz, , diploma eskuratu zuen.
S8 mailako 400 m libre probari egin zion aurre hilaren 4an. Sailkapeneko bigarren txandan egin zuen igeri Zudairek eta laugarren (05.12,66), amaitu zuen lehia. Bi saioen sailkapen orokorrean, aldiz, seigarren izan zen eta arratsaldeko finalean lehiatu zen. Dominaren lehian denboraldiko marka ondu zuen, 05.05.46, baina ez zen nahikoa izan podiumean egoteko. Zazpigarren postua eta diploma berria gehitu zituen txapelketako poltsara.
Egun bat geroago, SB7 mailako 100 m. bular probak eman zion hasiera igerilekuko egunari eta lehen seriean lehiatu zen Buruntzaldea IKTko igerilaria. Ederki jardun zen La Defenseko igerilekuan eta 50 metroetako pasean lehen izan zen. Bigarren luzean, aldiz, Winnifrith britainiarrak gainditu zuen zubietarra eta bigarren izan zen 01.36,91 markarekin.
Finalera laugarren denborarik onenarekin iritsi zen igerilari gaztea eta postu berean amaitu zuen proba, podiumetik bi segundo pasatxora: 01.33,48ko marka egin zuen zubietarrak. Mariia Pavlova-k kolkoratu zuen urrea, nola eta munduko errekorra hautsita: 01.26,09.
Azken lehia
Ez du lehia amaitu Zudairek, ordea; hilaren 7an, 4x100 m. libre 34 puntu errelebo librea lehiatzea espero du.