Udako bi hilabete horietan zehar, 8 eta 12 urte arteko haurrak Saharako udako baldintza gogorretatik aldentzeaz gain, beraien elikadura eta osasuna hobetzen dute eta osasun azterketak egiten dizkiete, besteak beste. Herrialde horretako gatazka politikoa ahaztu, sasoia indartu eta beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera ematen diete.
Egitasmo zoragarri eta garrantzitsua izanagatik, Lasarte-Oria Sahararekin Elkartasuna Taldeko lagunek espero dute aurtengoa izatea proiektua aurrera eraman behar izan duten azken aldia. "Sahara librea izatea da gure nahia eta datorren urtean sahararrak beraienak diren lurretara itzuli eta udara han igarotzea espero dugu". Kontatu dute balorazioa "positiboa" izan dela: "Lasarteoriatarrek beti adierazi izan dute elkartasuna eta eskertzekoa da hori". Eskerrak eman dizkiote baita ere Lasarte-Oriako Udalari, Oporrak Bakean diruz lagundu, haurrei udal kiroldegian igeriketa ikastaroa egiteko aukera eman eta itzultzaile bat kontratatu izanagatik. Datorren urterako, ordea, "inplikazio, elkarlan eta kanpaina bateratua" egitea eskatu diote erakundeari, batez ere, Gizarte Zerbitzuen sailari. "Horri esker, ziur gaude herritar gehiago animatuko liratekeela".
Harremanak sakontzen
Udalerriko harrera familietako batekin hitz egin du TXINTXARRI-k, udarako bi hilabeteak nolakoak izan diren jakiteko. "Bigarren urtez izan da Hasana gure artean: udaran eta urte guztian zehar harremanak sakondu ditugu bai berarekin bai bere familiarekin. Horrek, besteak beste, kanpalekuetan zein baldintza gogorretan bizi diren jabetzea eragin du. Kezkaz ikusten dugu Hasanaren eta bere senideen etorkizuna, bai eta saharar errefuxiatu guztiena".
Uztailan eta abuztuan zehar "ekimen pila bat" aurrera eraman dituzte, udalerrian bertan zein Gipuzkoan: Ttakun Kultur Elkartearen Udako Txokoak, Donostiako Aquariumera eta Reale Arena estadiora bisita, Izar Park-en egonaldia... Elkar agurtzeko festa Xirimiri elkartean egin zuten abuztuaren 28an eta haurrak hurrengo egunean itzuli ziren euren bizitokira.
Erreferenduma aldarri
Sahararren historiako azken bost hamarkadak "traizioz beteak" izan dira, Kristina Berasain Tristan kazetariak Sahara, herri bat erresistentzian liburua Lasarte-Orian aurkeztu zuenean azaldu zuenez. 1973an Fronte Polisarioa eratu zuten, garai horretan Espainiaren kolonia zen herrialdearen autodeterminazio eskubidea aldarrikatu eta herrialde gisa euren etorkizuna erabaki behar zutela aldarrikatzeko. Nazio Batuen Erakundeak ebazpen bidez aitortu zien aukera hori; are, ikuskari talde bat bidali zuen lurraldera eta eskaera hori berretsi zuten txostenetan.
Bien bitartean ari ziren traizioa egosten Espainia bera, Maroko eta Mauritania, Hiruko Akordioa deritzonaren bidez. Itun horren ostean aurrera eraman zuten Martxa Berdea izenez ezagutzen den inbasio militar eta zibila, 1975ko azaroaren 6an hasi zena. 350.000 lagun sartu ziren sahararren lurretara eta basamortura ihes egin beste erremediorik ez zuten izan bertakoek, bidean asko hil eta desagertu ostean.
Indar okupatzaileek sahararrak jazartzen segitzen duten arren, tinko eusten diote euren etorkizuna erabakitzeko erreferendum bat egitearen aldarriari.