Abuztuko lasterketa handien ostean, denboraldiari agur esateko prest da Hipodromoa

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 5a, 11:30

Abuztuko lehietako bat. Arg.: Isaac Farré Rico

Sari Nagusietako lehiak atzean utzita, Donostiako Hipodromoa Udako denboraldiko azken jardunaldiei egingo die aurre irailean. 

Hilaren lehenean jokatu zen azken-hirugarrengo saioa eta lasterketa politez gozatu zuten zaletuek.

Jockey amateurrek Onda Cero saria borrokatuz eman zioten hasiera arratsaldeari. Pablo Labordek gidatuta Dance-Ahead lehiakideak atzean utzita iritsi zen helmugara.

Ezustekoak izan ziren hurrengo hiru sarietan. Kirol txartela sarian Maderas-Janaçek faboritoa buru jarri arren, One More Night-Gelabert bikoak gainditu zuen azken zuzengunean. Bikoak ez zuen garaipena ospatu, ordea; azken 100 metroetan Dayshan-Sarabia bikoak irabazi zuen proba.

Rayc-Sousa eta Pontejos-Borrego faboritoak atzean utzita, Gelabertek gidatutako Haya Taal gailendu zen Gautena sarian.

Eta Athelia-Martinez bikoak eraman zuen PMC Saria; Marchelo-Lucas eta Black Voice-Buesa gainditu zituen azken metroetan.

Eguna amaitzeko, Nazioarteko Kriteriumeko lehiakideek ikuskizun paregabea egin zuten. Janaçek-ek azken postuan mantendu zuen Bulnes Bugatiko bihurgunetik atera arte. Orduan, erritmo bizia ezarrarazi zion zaldiari eta kanpotik pixkanaka aurkari guztiak gainditu zituen azken metroan saria Vamos Niño-Gelabert bikoari lapurtzeko.

Urrezko kopa eta eguraldia

Abuztuan zehar, saio interesgarriak ikusi ahal izan dira, baita ezustekoak ere. Sari nagusiek ikusleez bete zituzten harmailak eta eguraldia ere protagonista izan zen.

Ohi den moduan, Urrezko kopa lehiatu zen abuztuaren 15ean, ostegunean. Jai eguna izanik, Hipodromoa lepo bete zen. 

Best Horse zalditegi poltugaldarra izan zen lasterketa nagusiko protagonista eta euren zaldiak, Media Stormek Valentin Seguyren gidaritzapean saria irabazi zuen.

Aipatu zalditegiko hiru kidek probako burua hartu zuten. Nights on Brodway-Mouesan eta Blue Starlight-Foulon bikoek proba gidatu zuten eta Media Storm-Seguyk euren atzean mantendu zen azken metroetara arte. Orduan, babesa utzi eta Media Stormek bere potentzia erakutsi zuen. Podiuma Best Horsena izango zela zirudien arren, Homo Deus faboritoak Veronek gidatuta azken momentuan kendu zion brontzezko postua Blue Starlight-i.

Baina hori ez zen eguneko momentu nabarmen bakarra izan. Raul Ramos herritarraren eta Ricardo Sousaren arteko borroka ederra izan zen bi probatan, Asanet eta Alejandro Padilla sarietan, hain zuzen. Lehenean azken metroetan irabazi zuen portugaldarrak Tammani gidatuta; bigarrengoan, aldiz, arantza atera zuen Lasarte-Oriako jockeyak Akaral bikote zuela.

Lau egun lehenago jardunaldia aurreratu behar izan zuten antolatzaileek tenperatura altuengatik. Goizeko saioan, Maria Cristina hotela saria nagusia lehiatu zuten behorrek eta lehia handiaren ostean, Swifway-Guillaume Guedj-Gay bikoak lortu zuen garaipena

Mnesarete-Gelabert eta Hebe-De Julian bikoek lasterketaren erritmo bizia ezarri zuten aurkariak atzean utzi nahian. Baina indarrak ez zituzten ongi neurtu eta ezin izan ziren azken lehian sartu. Janaçek-ek zuzendutako Alcedimzoek hartu zuen euren testigua erritmoa markatuz; azken zuzengunean ezin izan zuen lana amaitu, ordea. Salmarak-Gutierrez del Val bikoak aurreratu eta buru jarri zen. Baina azken metroetan, Swifway-Guillaume Guedj-Gayk eta Clori-Sousak gainditu zuten eta jockey frantziarraren bikoak jaso zuen saria. 

Aste bete geroago Eusko Jaurlaritza saria jokatu zen. Aurreikuspen guztiak pikura joan ziren proban; Grey Infinity-Gelabert, Samedi Rien-Janaçek eta Rodaballo-Valle faboritoek ez zuten lasterketa ongi irakurri. Ifach Jean Bernard Eyquemek zuzenduta eta Resacon Borja Fayosek lehiatu zuten garaipena; lehenen bikoen eskuetan amaitu zuen garaikurrak.

Azken probak 

Ez dira lehiak amaitu, ordea. Hilaren 8an eta 12ko jardunaldiek agur emango diote udari. Biak arratsaldeko saioak izango dira, lehena 17:30ean; bigarrena, aldiz, 18:00etan.