Denboraldi berria hasi aurreko maukak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 4a, 18:34

Biltegiko produktuen eskaintza egingo dute Aterpea merkatarien elkarteko hainbat komertziok asteburuan; Stock Azoka deitu dute hilaren 5, 6 eta 7rako. Gaur aurkeztu dute aipatu kanpaina elkarteko merkatariek, Urruzola mertzeria atarian.

Denboraldi berriari ekin aurretik, eta biltegian pilatutako uda sasoiko produktuak herritarrei eskaini asmoz, Stoz Azoka aurrera eramango du, asteburuan, Aterpena merkatarien elkarteak. Hala jakinarazi dute bertako kideek gaur eguerdian prentsaurrean.

Mabel Pedreira merkatarien elkarteko lehendakariak eman ditu egitasmoaren xehetasunak. Lehenik eta behin, udal ordezkarien presentzia eskertu du -bertan izan dira Agustin Valdivia alkatea, eta Sozioekonomia batzordeburu, Nuria Fernandez-; Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo saila ere ahotan izan du. 

Azokari erreferentzia eginez, nabarmendu du biltegian pilatutako uda denboraldiko produktuen eskaintzak egingo dituztela; "aukera paregabeak izango dituzte herriko bezeroek". 

Dozena bat establezimendu

Merkatarien elkarteko kide diren hamabi negoziok parte hartuko dute asteburuko jardueran. Hauek dira horiek guztiak: Urruzola mertzeria; Imagine jantzi denda; Olmi mertzeria; Mabel Moda; Iturbe zapata denda; Alba moda; Leder oinetakoak; Nogues moda; Lilura liburudenda; Deco 75 Textil Hogar; Arregi elketrizitatea eta Bote Tatto. 

Stock Azokaz gain, egitasmoaren barruan beste bi deialdiren berri ere eman du Pedreirak. Hialren 6an, larunbata, izango dira horiek biak. Alde batetik, hilaren 6an (10:30etik 20:00etara) eta 7an (10:30etik 14:00etara) Flash Day egunak izango dira Bote Tatton. Horretaz gain, Patricio tabernak ostiralean, hilak 6, koktelak eskainiko ditu DJ batek musikaz girotzen duen bitartean; 17:00etatik 21:00etara izango da hori. 

Gauzak horrela, egitasmoak arrakasta izan dezan herritarrak horretan parte hartzera deitu ditu elkarteak. Eguraldiarekiko kezka azaldu dute, horrek eragin zuzena izan dezakeela iritzita, baina bezeroek erantzungo dutela ere ziur adierazi dute.