Donostia Arraun Lagunak-ek denbora onena Kontxako lehen jardunaldian

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 4a, 09:15

Donostia Arraun Lagunak eta Tolosaldea, Kontxako banderako lehian. Arg.: Joseba Parron San Sebastian/ Irutxuloko Hitza.

Iraila hastearekin batera, Kontxako banderako lehen jardunaldia jokatu zen Donostiako badian. Donostia Arraun Lagunak izan zen onena eta Aiora Belartieta eta Nahia Goenaga herritarrak kide dituen eskifaiak bederatzi segundoko aldea atera zizkien aurkariei. Lugañene Euskotren Ligako garaipenaz auspotuta dator, non bandera guztiak bildu dituen. Denboraldiari biribilari amaiera bikaina emateko proba berezi horretako garaikurra eskuratzea besterik ez du Donostiako ontziak; hilaren 8an egiteko garrantzitsua du bigarren txandan.

Lehenengo Orio Orialki, Astillero Eneryt Servicios, Cahpela Wofco eta Kaiku Nortegas izan ziren lehian. Mirotzak izan ziren nagusi euren lehian eta 10.37,38 denbora eginez iritsi ziren helmugara.

Jarraian, bigarren txandako partaideak jarri ziren lanean. Donostia Arraun Lagunak-ek Tolosaldea, Nortidal Donostiarra eta Hibaika Jamones Ancin izan zituen aurrez aurre. 

Hasieratik buru jarri zen Lugañene. Ziabogan segundo bateko aldea atera zion lehen tandako Oriori eta atzetik zituen Nortidal Donostiarra eta Tolosaldea ontziei, aldiz, lau eta zazpi segundo, hurrenez hurren.

Bigarren luzean eta, batez ere, badian sartzean handitu zuen Belartieta eta Goenaga kide dituen eskifaiak errenta. Helmugara iristean 10.28,26 denbora egin zuen Donostiako taldeak eguneko markarik onena lortuz ( Ikus koadroa).

Eta bigarren lehiari lasai aurre egiteko moduko errenta eskuratu zuen, bederatzi segundo eta hamabi ehuneko. Baina aurkari zuzenek ez diote Donostia Arraun Lagunaki erraz irabazten utziko; Orio Orialki, Tolosaldea eta Nortidal Donostiarra izango ditu nor baino nor txandan.

Ez ustekoak sailkapenean

Abuztuaren 28ko sailkapen proban ere, bandera helburu duela argi utzi zuen Lugañenek. Hogei traineru izan ziren uretan bi asteburuetan parte hartzeko txartela eskuratzeko, baina zazpik bakarrik lortuko zuten helburua. Nortidal Donostiarrak ez du sailkapena jokatu behar.

Adituek egindako aurreikuspenetan Donostia Arraun Lagunak zen indartsuena eta ederki asmatu zuten; faboritoetako batzuk kanpoan geratu ziren, ordea. Hala nola, Euskotren Ligako hiru ontzi: Intza Fernandez herritarra kide duen Hondarribia zein Cabo da Cruz eta Tiran.