Reale Arenan estreinakoz jokatu du Jon Martinek

Txintxarri Aldizkaria 2024ko abu. 29a, 12:20

Jon Martin, Alaveseko aurrelari Stoichkov-i baloia kendu nahian. Argazkia: Real Sociedad.

Realeko atzelari gazteak aurtengo EA Sports Ligan debuta egin du, Alavesen aurkako porrotan (1-2). Bigarren zati osoa jokatu du eta taldeak galdu arren maila ona erakutsi du lasarteoriatarrak.

Martinek zale txuri-urdinen aurrean ligan jokatu duen aurreneko partida izan zen atzo iluntzekoa. Atsedenalditik bueltan zelairatu zen lasarteoriatarra, Jon Pachecoren ordez. Lan zaila izan zuen Imanol Alguacilen taldeak, 30. minutuan jokalari bat gutxiagorekin geratu zelako, epaileak Mikel Oyarzabal kapitainari txartel gorria atera ostean. Kolpe horri bikain erantzun zioten donostiarrek, minutu gutxi barru Siveraren atea zulatu baitzuen Brais Mendezek. Edonola ere, atsedenaldirako pare bat minutu falta zirela, Zubeldiak penalti argi bat egin eta banakoa sartu zuten babazorroek.

Aldageletatik itzultzean gogotsu ekin zion bigarren zatiari Realak eta Martinek berak abagune polit bat izan zuen korner batean. Tamalez, langatik gora joan zen buruz egin zuen errematea. Hamabost minuturen faltan erdiraketa baten aldaratzea baliatu zuen kanpokoen aurrelari Toni Martinezek 1-2koa egiteko. Etxekoak berdinketaren gola erdiesten saiatu ziren baina ezin izan zuten punturik zakuratu.

Hiru jardunaldiren ostean beste hainbeste puntu zakuratu ditu Realak, joan den larunbatean Espanyol-i 0-1 irabazita. Reale Arenan jokatu dituen bi neurketak galdu egin ditu Rayo Vallecano eta Alavesen kontra. Igande honetan Getaferen aurka neurtuko ditu indarrak, talde horren zelaian, 19:15ean.