TELESAILAK
- Presumed Innocent (Apple TV+)
Thriller judizial honetan Rusty Sabich Chicagoko Fiskaltzako kide estimatu izatetik hilketa baten susmagarri nagusi izatera igaroko da, bat-batean. Carolyn Polhemus lankide eta ezkutuko maitalearen hilketa, hain zuzen. Elkarren arteko harreman sentimentalak eta Fiskaltzako zuzendaritza karguen aldaketek ezbaian jarriko dituzte Sabichen bizitza eta izen ona.
David E. Kelly (Big Little Lies) arduratu da Scott Turow idazle estatubatuarraren estreinako nobela pantailan eguneratzeaz. 1990ean heldu zen zinemarako lehen egokitzapena, Alan J. Pakula zuzendari (All President’s Men) eta Harrison Ford aktore zirela.
- Ripley (Netflix)
Tom Ripley pantailara itzuli da. Andrew Scott aktore irlandarrak gorpuztu du Patricia Highsmithen hiltzaile ikonikoa Schindler’s List klasikoaren gidoia idatzi zuen Steven Zaillianen esanetara.
Zinema kutsu handiko zuri-beltz baten bidez, giro ilun eta aztoratzailea lortu dute zortzi ataletan. Eserialdi bakarrean ikusten diren telesail adiktiboen aldean, patxadaz dastatzeko gutizia da honakoa.
- The Sopranos (Max)
HBOren klasiko nagusiak 25 urte bete berri ditu eta efemeridea aitzakia ezin hobea da mafia antolatuaren pantaila txikiko maisulana berriz bisitatzeko.
The Godfather filmeko Corleone familiaren aldean, Sopranotarrak lurtarragoak dira eta zazpi denboraldik tarte zabala eskaintzen dute argilunez beteriko haien bizimoduan sakontzeko. Pertsonaia gogoangarriak, ikustaldi aberasgarria eta telesailen historiako amaierarik eztabaidatuena.
Errepikaezina.
FILMAK
- She Said
Hollywood betiko eraldatu zuen eskandaluaren kronika. Harvey Weinstein ekoizle estatubatuar boteretsuak dozenaka emakumeri urte luzez egindako sexu erasoen eskandalua publiko egin eta "Me Too" mugimenduak mundu mailan sortu zuen olatua, emakume mordoari hauspoa eman zien haiek ere jasandakoak kontatzeko.
Film honek fikzioan islatu du kasua argitara eramateko The New York Times egunkariko bi emakumezko kazetarik itzalean egin zuten lana.
- Cerrar los ojos
30 urte geroago, Victor Ericek film luze berri bat aurkeztu zuen pasa den urtean, Donostiako Zinemaldian.
Oroimenaz, denboraren esanahiaz eta zinemaren balioaz filosofatzen duen aparteko film hau Euskal Herrian jaiotako zinemagile esanguratsuenetako baten agurreko postal modura irakur liteke.
- Robot Dreams
Animaziozko film onena eta gidoi egokitu onena. Bi Goya sari eskuratuta joan zen Pablo Berger bilbotarra Los Angelesera Oscarretan lehiatzera.
Oraingoz, Hollywoodeko loria dastatu ez duen arren, mundu zabaleko milaka ikuslek gozatu dute harreman, sentimendu eta bizitzako abentura handien inguruko film zoragarri hau.