- CRONICANDO, Mia Couto
Mozanbiketik, Mia Couto dugu portugesez sortutako literaturaren izen inportanteenetako bat. Bere ipuingintza iruditzen zait miresgarriena, ipuin laburrak, laupabost orrialdekoak askotan, zeinetan hizkuntza jolasa hutsa den eta istorioak magia eta sorpresa, ezezagun zaigun herrialde baten isla bitxia ematen digutenak. Cronicando liburuak jasotzen dituenak ditugu adibide ezin hobea, bertako bizimoduaren kronika berezi bat ematen digutenak.
Titulo honetatik tiraka, merezi duten beste titulu ugari ditu Mia Cuotok.
- ENSAYO SOBRE LA CEGUERA, José Saramago
Portugesez sortutako beste titulu bat. Saramagoren estilo pertsonala zirrara berezi bat sortzen duen istorio baten zerbitzura: bat-batean, itsutasuna modu geldiezinean zabaltzen da herritarren artean. Gure gizarteari buruzko parabola gordina, gizakia ispiluaren aurrean, sublimeena eta zitalena parez-pare jarrita. Maisulana.
Saramagoren beste edozein titulutik tiratzera gonbidatzen gaituena, tartean, Jon Alonsok euskaratutako Lisboako setioaren historia (Elkar).
- KUKUAREN KANTUA, Idoia Garzes Aldazabal
Idoia Garzes herrikideak gazteentzako idatzitako istorioa, baina literaturaz gozatzeko gauza den edozeinek plazerez irakurriko duena. Martin haurraren eta Jaxinto zaharraren arteko harremanetatik abiatuta migrazioaz, adiskidetasunaz, aurreiritziez ari den istorioa kontatzen digu Garzesek oso modu finean.
Eta herriko idazleen zerrendatik tiraka hasita ez dira gutxi, zorionez, aipatu daitezkeen izen guztiz interesgarriak: Aintzane Usandizaga, Iñaki Petxarroman, Ixiar Rozas, Arkaitz Cano, Yolanda Donis orain... eta abar.
- ZERRAKURETAN, Gaizka Sarasola
Eta literatura ere baden antzerkia azkenean. Zerrakuretan liburuak Gaizka Sarasolaren bi antzezlan biltzen ditu. Txoriak eta zauriak antzezlanak iraganaren iraunkortasunarekin lotzen gaitu, ziurtasunak baino zalantzak planteatuz, gure baitan daramatzagun zauriak ez baitira Historia liburuetan agertzen. Iluntzen antzezlanak, aldiz, surrealismo magikoa eta errealitatearen iluntasuna uztartzen dituen alegia modukoa da. Antzerki amateurretik abiatuta, garaikidetasuna, berritasuna eta esperimentazioa diraSarasolaren antzerkiaren ezaugarrietako batzuk.
Eta antzerkiaren haritik tira nahi izanez gero, zorionekoak gu, azken urteotan Ganbila sailak eskura jartzen baitigu egungo euskal antzerkiaren panoramika guztiz interesgarria.