Maialen Chourrautek bere laugarren finala jokatu zuen Olinpiar Jokoetan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko uzt. 29a, 10:30

Maialen Chourraut, Parisko finalean lehian. Arg.: BAT Basque Team.

Maialen Chourraut pausoz pauso joan da herritarra Parisko ur bizietako K1 mailako lehian. Sailkapena eta finalerdia gainditu ostean, laugarrenez Olinpiar Joko batzuetako finalean parte hartu du herritarrak. Oraingoan ezin izan du podiumean egon, ordea; jaitsieran bigarren atean huts egin eta hamabigarren postuan amaitu du finala. Kayak kroseko txapelketari egingo dio aurre abuztuaren 2tik aurrera

Ez da posible izan. Ezin izan dugu Maialen Chourraut berriro ere Olinpiar Joko batzuetako podiumean ikusi. Hala ere, hamabi onenen artean izan da lehian herritarra finalean; laugarrenez jarraian.

Hilaren 27an sailkapeneko probetan hamahirugarren izan zen Lasarte-Oriako palista eta finalerdirako txartela eskuratu zuen. Lehen jaitsieran 101.06 egin zuen hutsik egin gabe; bigarrenean, aldiz, nahiz eta atea bat ukitu eta bi puntuko zigorra izan, 96.33 egin zuen.

Finalerdian akatsik gabeko jaitsiera egin zuen, 106.21 marka egin eta hirugarren postuan sailkatu zen, baina bere atzetik lehiatu behar ziren parte hartzaileen menpe geratu zen Chourraut. Hamabost lehiakide geratzen ziren eta hamabi bakarrik sailkatu ahal ziren finalerako. Urduritasunez gainerakoen jaitsierak ikusi zituen eta amaieran hamaikagarren postuan amaitu zuen lasarteoriarrak.

Finalean akats goiztiar batek azken postura eraman zuen herritarra. Bigarren atea ezin izan zuen pasa Chourrautek eta 50 puntuko zigorra jaso zuen. Gerora zortzigarren atea ere jo zuen eta beste bi puntu gehiago gehitu zituen bere markagailura. Helmuga igaro eta 157.67 punturekin hamabigarren amaitu zuen proba.

Honakoak lehiaren gainean Maialen Chourrautek Bat Basque Team-i eskainitako hitzak:

Herritarrak ez du atsedenik izango, ordea; abuztuaren 2tik aurrera kayak kroseko lehiati egingo dio aurre.