Nahia Zudaire Borrezo: "Emaitzak ez dira dominak bakarrik. Urtebete ez da postu batean laburtzen"

Nerea Eizagirre 2024ko uzt. 29a, 11:45

Nahia Zudaire Borrezo, Europako txapelketako brontzezko dominarekin. Arg.: N. Zudaire Borrezo.

Nahia Zudaire Borrezo (Zubieta, 2004) igerilaria Parisko Paralinpiar jokoetan izango da. Zubietako gaztearentzat bigarren jokoak izango dira. Nanterre-ko (Frantzia) La Defense Arenan lehiatuko da abuztu amaieran, zehazki 4x100 m. libre erreleboa, 200 m. lau estilo, 100 m. bular eta 400 m. libre probetan parte hartuko du. hilaren 20an eta 21ean, Euskal Herriko txapelketan parte hartu ostean, Sierra Nevadan hiru aste egingo ditu lanean Parisko hitzordua prestatzeko

Ziklo motza izan duzue Paralinpiar jokoak prestatzeko. Nola joan da prestaketa?

Ez da ziklo motza izan. Egia esan, Tokio prestatu nuenez lau urte izan dira berez. Ez dugu urte bat eta hiru urtetan banatu, lau urte jarraian izan dira. 

Eta ondo joan da prestaketa. Kirolari eta pertsona bezala ere asko aldatu naiz. 17 urte nituen Tokion eta Pariserako 20 ditut. Hiru urte gutxi direla dirudien arren, kirolari bezala esperientziak irabazten zoaz. Pertsona bezala ere, Batxilergotik Unibertsitatera pasa naiz edo beste jarduera batzuetara eta azkenean salto hori egiteak heldutasun gehiago dakar. 

Pozik nago egin ditudan azken urteekin eta nola eman dudan guztia aurrera.

Tokion esperientzia hartzea zen helburua eta bi diploma ekarri zenituen, Parisen podiuma duzu buruan?

Bai eta ez. Azkenean Tokiora bezala noa. Nik badakit zein gaitasun ditudan, nora iritsi naiteken baina horrek ez du ezer esan nahi. Parisera joan behar naiz, aurkariekin lehiatu eta borroka horretan postu batzuk lortu. 

Nire pentsatzeko era nahiko antzekoa da. Nire esku dagoena egin dezaket, baina beste guztia ezin dut kontrolatu. Ikaskuntza gehiago ditut, baina lasaitasuna ere. Badakit zer egin dezakedan eta zer ez. Besteek zer egiten duten, ez daukat kontrolik.

Gazteak indartsu daudela erakutsi dute Europako txapelketan; 13 urteko Iona Winnifrih britaniarrak domina ugari irabazi zituen. Aurkari gogorrak izango dituzu jokoetan?

Hara iritsi eta egin behar dira gauzak. Aipatu moduan, nik badakit zertarako gai naizen, baina ez dakit haiek nola egingo dioten aurre lehiari. 

Gazteak dira eta euren lehen aldia da jokoetan. Ez naiz asko zentratzen besteek zer egin dezaketen pentsatzen, ez dute ezer egingo niregatik. Niretzako entrenatzen dut, niretzako lehiatzen dut. Parisera iritsi, egin behar dudana egin eta horrek emaitza bat ematen badu, ondo, eta, bestela ere, ondo.

Emaitzak ez dira dominak bakarrik, gauza gehiago dago jokoan. Urtebete ez da postu batean laburtzen.

"Nire esku dagoena egin dezaket; beste guztia ezin dut kontrolatu"

Tokiora ezin izan zen familia joan zu ikustera. Baina oraingoan bertan izango dira?

Bai, joan daitezke ikustera eta horregatik ere pozik nago.

Iaz Axa Ligako probak izan zenituen eta asko lehiatu zinen, baina aurten gutxiagotan parte hartu duzu txapelketa batean. Zergatik?

Aurten aldaketa bat egin dugu eta altuerara igo naiz entrenatzera. Sierra Nevadan izan naiz lanean. Entrenamenduetan zentratu gara gehiago, lehiaketetan baino. 

Ez dut lehiatzeko aukera asko izan. Azaroan lehiatu nuen eta gero otsailera arte ez dut berriro igeri egin lehiaketa batean. Eta garai horietan entrenamendu saioak egiten saiatu gara. Helburu nagusia Parisko Paralinpiar Jokoak prestatzea izan da eta bakoitzak erabakitzen du nola egin. Nik internazionalki lehiatzea erabaki dut. Nazionalki ere aritu naiz, baina batzuetan gaixo egon naiz eta ez dut hainbeste konpetitu.

2023ko abuztuan Manchester-eko Munduko Txapelketan plaza atera zenuen, baina ez zara lasai egin orain arte...

Manchesterren herrialdearentzat plaza atera genuen, ez zen niretzat. Azaro amaiera arte ez nintzen lasaitu. A gutxienekoa egin nuen, baina nik ez banu erakutsi plaza hori merezi nuela, ez nintzateke Parisen egongo.

Manchesterren, gainera, bi prozesu ezberdin pasa behar izan nituen: batetik, herrialdearentzat plaza lortzea, eta, bestetik, nire maila zehazteko mediku azterketa bat egitea.

Mediku azterketa aipatu duzula, mailarekin gorabeherak izan dituzu azken urtean, ezta?

2022an, Tokio eta gero pasa nuen mediku azterketa eta mailaz igo ninduten. Hiru edo lau hilabete egin nituen nirea ez zen kategoria batean, larritasun txikiagoko batean. Beste marka batzuk eskatzen zituzten eta askoz zailagoa niretzat horiek lortzea.

Aurten ere egin behar izan dut eta nire mailara itzuli naiz. Gainera, pasa arte ez zen ezer ziurra. Nahiz eta gutxienekoa egin, nire elbarritasuna txikiagoa zela esanez gero, ezingo nintzateke Parisera joan. Guztia airean egon da horregatik. Faktore asko zeuden.

Europako txapelketan hainbat domina jantzi zenituen. Nola joan zen lehia?

Ondo. Ez nekien nola iritsiko nintzen hitzordura. Sorbalda pixka bat ukitua nuen garai horretan eta dudak nituen nola erantzungo zuen, lehiaketako karga horri nola egingo nion aurre, hainbeste egun… Baina gorputzak ongi erantzun zuen, eta ondo. Ze, azkenean, beldurrez joan nintzen eta azkenean oso ondo joan zen. Eta, perspektiban, 100 m. bularreko markarekin oso gustura; denbora ona dela uste dut.

Jokoak eta gero, atseden hartzeko garaia iritsiko da?

Bai, noski. Lau urteko prestaketaren ostean, hilabetez atsedenaldia izango dut.