Gaizkileak, beste behin, sutara kondenatu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2024ko uzt. 27a, 10:00

Santa Anako parodiako akusatuek ondo baino hobeto ezagutzen dute beraien etorkizuna zein den: sutan kiskaltzea. Horren aurretik, ordea, egin beharreko bi kontu daude: desfilea kaleetan barrena, bidean dantza egin eta tabernetan eztarria freskatuta, eta hamaika gorabehera eta iskanbila izango dituen epaiketa pasatzea. Aurtengoak, Remedios Horkonpontegi Aiteapañes eta Romuardo Sagardo Uiuiuikerriko, ez dira salbuespena izan. 

Epaiketa gutxitan elkartuko dira fiskala, epailea, lekukoak, abokatua, idazkaria eta akusatuak elkarrekin tabernez taberna ibiltzeko; baina, beste testuinguru txarragoetan batzuek esan ohi duten moduan: "Lasarte, caso aparte". Pentsa, Santa Ana eta San Joakinek beraien eguna ospatzeko haiei batzea baino ideia hoberik ez dute izan. Surrealismoarekin jarraituta, ur pistolekin "jai giroz"  blaitzen joan dira haur batzuk karrozara igota. Atzetik, kalejiran, trikitilariak, aipatu pertsonaia guztiak, musikariak eta dantzariak. Erdiguneko tabernetan geldialdia egin dute eta lanerako ordua hurbildu denak Okendorantz abiatu dira. 

Epaitegi bilakatu aurretik, Ttakun Kultur Elkarteko lehendakari Mari Karmen Ormazabalek bertaratutakoak agurtu ditu oholtza gainetik. Euri fina ari bazuen ere, herritar ugari zegoen jarritako aulkietan eserita, beste askok, berriz, udaletxearen arkupeetan edo tabernen inguruan jarraitu dute ikuskizuna. Gogoratu du Ormazabalek Manuel Sagardiaren eskutik duela ia hiru mende laurden sortu zela parodia eta tradizioari jarraipena eman diotela ordutik. Ondoren, aurtengo omendua aurkeztu du: Islada Ezkutatuak taldea. 

Memoria historikoa lantzen duen egitasmo honen parte dien hiru kide igo dira eszenariora. Ormazabalek lepoan jartzeko Santa Ana eguneko zapi gorriak eman dizkie, baita loresorta eta Lierni Rekondoren bertsoak zituen afixa ere. Bertsolariak haiek kantatu bitartean, irakurtzen joan dira. Ondoren, bideoan jasotako adierazpena egin du Joxea Muguruzak.

Igo dira pertsonaiak eszenariora, eta Mailu Arrutik,azkar batean, behera eta gora egin behar izan du. Omendua izatetik, Makelur antzerki taldeko kide izatera pasatu behar izan baitu. Aitortza batetik beste aitortza batera. Aurtengo bandoak emakume talde horrek San Pedro Jaietan jasotako aintzatespena izan baitu ardatz. Edo hobe esan, jaso ez zutena. Izan ere, ez baitzuten udaletxeko balkoitik pregoirik esateko aukerarik izan suziria piztu aurretik. Alkateak berak ere ez zuen txintik esan, antza,  txupinazoa "peñazoa" dela uste baitu eta jaien hasiera egunean jabetu zen, "kalean eskozes batzuekin topo egin zuenean. Eskozesak edo irlandesak oso kargatuak, ez du ondo gogoratzen". Hitz politak entzun eta eskertza esateko gogoz gelditu zirenez omenduak, justizia poetikoa eta parodikoa egin diete "Eskerrik asko Lasarte-Oria! Gora Makelur!" oihukatuta.

Uztailean, santa eskean

Bandoa bukatuta ekin diote lanari. Idazkariak presa zuen Olinpiak Jokoak hastear zirela-eta, olinpiar sua ikusteko gogoa baitzuen. Epaileak, ordea, Okendon bertan ordubete pasatxoan garrak ikusteko aukera izango zuela gogorarazi dio: Zikiro faltan, haragi errea izango baitzuten: "Txurrasko de malapartatus". Baina horretarako lehenik epaiketa egitea beharrezkoa zen. Akusatuak Remedios Horkonpontegi Aiteapañes eta Romuardo Sagardo Uiuiuikerriko izan dira, ohi bezala, herrian egindako triskantza, sedizio, prejuizio eta maltzurkeriak egotzita.

Zegokien lekuan eserita, lekukoen esan beharrekoak entzuten hasi dira, abokatu eta fiskalaren arteko hika-mikaren lehen erakustaldia bukatzean. Herriko kultur eta kirol elkarteen ordezkari Pazientzi eta Inpazientzi makilak eskuan jarri dira eszenario erdian. Santa Agedako koplen doinuan beraien kexa azaldu dute. Abokatuak entzun beharrean, santa baten egunean beste bat oroitzea onargarria ote den ebazteko eskatu dio Santa Anari. Honek bere joerari eutsita, ez du erantzun. "Isiltasun administratiboak", hortaz, aurrera egiteko aukera eman die. 

Iazko dirulaguntzak ordaintzeke daudenez, “kezkaz eta zorrez” itota daude herriko elkarteak. Are gehiago, Pazientzik kontatu duenez, ikasturtea amaituta, ez du eskola materiala erosteko laguntza ere jaso. Egoera horretan, diru eske ibili dira biak publikoaren artean, epaiketako protagonistek eztabaidan jarraitu bitartean.

Atletak, harmaila eske

Olinpiar Jokoei aipamen berri bat ekarri du hurrengo testiguak. Haietan girotutako Chariots of Fire filmaren musikak lagunduta igo da kirolari gazte talde bat oholtzara. Haiekin batera Amaia Andres, diploma olinpiarra lepotik zintzilik zuela. Entrenatzeko azpiegituren gabeziak zerrendatu ditu, gazteek horiek irudikatu bitartean. Abokatuak akusatuen lanari esker "sufrikario" hori amaitzear dela esan dio, baina Andresen esanetan, arazo berria Atsobakarreko kirol gunea denek beraientzat nahi dutela da. Argudioari buelta eman diote abokatuak eta akusatuek, kexa emaitza onaren ondorio delakoan. Akusazioa zein zen argitzeko eskatu diote atletari eta harmaila falta dela argitzea lortu du. "Gure herrian gauzak beti horrela, quiero y nopuedokoak. Atletismo pista, bai, baina futbolari edo rugbilariekin banatu behar. Dena berria, bai, baina jaurtiketak egiteko aukerarik gabe. Ondoan merkataritza gunea, bai, baina guk batere zerbitzurik ez... Laurehun metroko pista egin beharrean, 399koa egin balute, ni harritu ez!”. Harmailak jartzea, ordea, Usurbilek debekatu ziela gogoratu dio Sagardo Uiuiuikerrikok eta iskanbila piztu da. 

Mikeleteek desalojatu dute gunea eta bi espontaneo agertu dira, nora zihoazen ondo ez zekitela. Pili eta Milik Ttakun KEren egoitzara joan nahi zuten kexatzera, Azkorteko erromeriara joateko autobusik ez jarri izanagatik. Izan ere, Puri eta Pakik gauza bera egin zutenean udaletxean autobusa Ttakun KEren ardura zela erantzun baitzieten: "Udalak dirua banatzen duela, baina gero, Ttakunek erabakitzen duela nola erabili".  Epai aretoan sartzea ohartu dira egindako akatsaz, baina fiskalak autobusarena akusatuei egozteko baliatu du aukera. Aurretik abisatu gabeko lekukotza izanik, mokoka hasi dira abokatua eta fiskala. Paper eta eztabaidan galduta, apaiza eta akolitoa agertu dira. Arazoa gazteak Elizatik urruntzen ari direla ondorioztatu du apaizak, laguntzaile gaztea erabat ados ez bazegoen ere. Epaileak gertatutakoa kontuan ez hartzea erabaki du.

Aldaketa kulturala

Azken lekukoa mediku bila dabilen Rediogenes izan da. Osakidetza jendearen kontra ari dela eta "kidetzatik" ezer gutxi duela salatu du. Bi akusatuek kontra egin diote errua gaixona dela esanez, alegia, "inor gaixotuko ez balitz, ondo funtzionatuko luke Osakidetzak". Rediogenesen hausnarketa populistatzat jo du abokatuak, eta haserre, filosofoak publikoari galdetu dio: altxa zitezela beren medikua ezagutzen zutenak. Inor ez da mugitu. Kontrakoa galdetzean, berriz, nork ez duen ezagutzen, denak altxatu dira eta txalo ere egin diote. Beren defentsan, akusatuen  hori "beste garaietako kontua" dela argudiatu dute, aldaketa kulturala datorrela, eta mediku faltan, erizainek, adimen artifizialak edota albaitariek artatuko dituztela gaixoak. Rediogenesek haien kontra egin du eta borroka egin dute, mikeleteek testigua eraman duten arte.   

Nahaspila horren ondoren, epaileak ez zekien zer egin eta Basajauni eskatu dio erabaki zezan. Sutara kondenatu ditu Horkonpontegi eta Sagardo. Santa Anari erregutu diote, baina bildutako denak bedeinkatu besterik ez du egin. Hala, deabruak, sardea eskuan, eraman egin ditu. 

Sua piztu artean, Erketz Dantza Taldeko kideek Sorgin Dantza dantzatu dute oholtza gainean. Bi gaizkileak sugarretan kiskali ondoren, elkarrekin afaldu dute partaideek Ttakunenean.