Meza, hamaiketako eta karkabako dantzaldiarekin hasi da Santa Ana eguna

Txintxarri Aldizkaria 2024ko uzt. 26a, 13:08

Santa Ana eguna ospatzen hasi dira lasarteoriatarrak. Hasteko,  meza egin dute Ama Brigitarren komentuan, Felix Garitano apaizak gidatuta. Erketz EDTko dantzariek 'Agurra' dantzatu diote, elizan bertan, aldarean zegoen Santa Anari. Elizkizuna amaitzean komentu alboko plazara joan dira dantzari eta eliztarrak, Ttakun Kultur Elkarteko kideek prestatutako hamaiketakoa jan eta edatera. Eguerdian, berriz, Erketzeko dantzari eta musikariek saioa egin dute karkaban, dozenaka herritar begira zituztela.

Arratsalderako jarduera gehiago antolatu dituzte:

  • 18:30ean, parodian antzeztuko duten aktoreek desfilea egingo dute erdigunean barrena. Ibilbidea, hauxe: Jalgi Kafe Antzokia, Tajamar biribilgunea, Kale Nagusia (Ilargitik Arkuperaino) eta Okendo plaza, Gure Etxea taberna paretik sartuta.
  • 20:00etan, Santa Anako parodia, Okendo plazan.

Bestalde, Santa Ana Pala Txapelketako final handia gaur jokatuko dute. Horren aurretik, 3. eta 4. postuak erabakitzeko neurketa izango da. 17:30ean hasiko dira norgehiagokak, Loidibarren pilotalekuan.