Egun batzuk geratzen dira Pariseko Olinpiar Jokoetan lehiatzeko. Urduri zaude?
Urduritasuna beti dago hor eta eguna gero eta gertuago egon, ezinegona gehiago azaleratzen da. Horrelako proba batean, lehiaketan onena eman nahi duzunean, tentsio hori eskatzen da eta beti dut lagun nirekin. Ez dut maletatik ateratzeko lanik egiten, badakit beti datorrela nirekin.
Aurrera egiten laguntzen dizu urduritasun horrek?
Lehiatzerakoan oso bizi sentitzen gara eta urduritasun hori faktore handi bat da. Sentsazioa handia da eta tentsio horrek askotan gustuko ez ditugun gauzak ekartzen dizkigu gogora, baina kudeatzen jakin behar da. Eta tentsio hori ez datorrenean, argi dago zerbait ongi ez dabilela.
Tokioko Olinpiar Jokoak amaitzean, zer egin pentsatu behar izan zenuen...
Tokioko eta gero ez nekien zer egin, denboratxo bat hartu nuen erabakia hartzeko eta ez nuen denbora asko behar izan jarraitu nahi nuela jakiteko eta Parisi aukera bat eman nahi niola, saiatu nahi nuela bertara iristen.
Hiru urteko zikloa izan da aurtengoa. Nola joan da?
Beste ziklo olinpiko bat izan da. Lan asko egin eta gero. Sorbaldako ebakuntza baten ondoren. 2021 urte bukaeran ikusi genuen, Parisera ez nintzela iritsiko nengoen bezala. Gorputza konpondu behar nuela eta operatzeko aurrerapausoa eman genuen. Dena ongi joan zen eta hemen gaude azken txanpan. Azken astean eta azken prestakuntzetan sartuta.
"Lanaren gehiengoa egin dugu; azkena ematea falta da"
Lehia handia izan duzu, bai, tokia lortu eta zure izena jartzeko.
Toki olinpikoa lortzea gogorra izaten da, beti dago lehia handia eta batez ere, aukeraketa probetan.
Etxeko kanaletan jokatzen direnean gauza oso estu joaten da eta hasieratik genekien hori. Kanalak (La Seu eta Paue) ongi prestatzera bideratu genuen lana. Bagenekien lehia berdindua izango zela eta horrela izan zen. Azkenean tokiari nire izena jartzea lortu genuen eta orain azken txanpa geratzen da.
Lanaren gehiengoa egin dugu, baina azkena ematea besterik ez da falta. Lan txukunena egin nahi dugu eta hiru urte horietan egin dugun guztia egun horietan, hilaren 27an eta 28an, nire errendimendurik onena emateko izan da. Lan handia izan da eta ez gara lokartu behar. Azkeneko momentura arte onena eman behar dut.
Beti esan ohi duzu lehiaketetan pausoz pauso joan behar dela, Parisen ere berdin izango da,ezta?
Bai, argi dago. Pausoz pauso joan behar da, egunetik egunera. Ezin dugu 28koa prestatu 27koa gainditu gabe. Lehenengo sailkapen proba pasa beharra dago. Hori lortuz gero 28an finalerdiak eta finala.
Final horretan guztiok egon nahi dugu, baina azken aukeraketa hori zorrotza da. Saiatuko gara iristen eta finalean egoten. Behin horretara iritsita jokatzea besterik ez da geratzen. Horretarako, aipatu modura, pausoz pauso joan behar da.
Baina K1ekoa ez da prestatzen ari naizen lehiaketa bakarra: Kayak kroseko lehia ere badut abuztuaren 2tik aurrera eta hori ere pausoz pausoko lehiaketa da.
Erlojupeko batekin hasiko da eta gero lauko lehiak izango dira. Horietan jaitsieraz jaitsiera joan behar da. Lehenengo bi postuetan geratuz gero txanda gainditzen duzu eta horrela finaleraino.
Momentukoa bizitzea oso garrantzitsua da eta aurretik ongi prestatzea. Eta erabakiak ere garrantzitsuak dira, ahalik eta zuzenenak izatea espero dut.
Kayak krosa aipatu duzu, erronka berria izan da zuretzat.
Beno, erronka berria edo aukera berria. Sekulako plazera da Olinpiar Joko batzuetara joan eta bi lehiaketetan parte hartzeko aukera izatea.
Prestakuntza ere polita izaten ari da; egun batzuetan eslalom egitea tokatzen da gehiago eta besteetan, kayak krosa. Dena aldatzen da. Ontzia, pala, segurtasun ekipamendua eta teknika. Hori ere pittin bat aldatzen da. Ibiltzeko modua. Erronka bat da teknika berri horiek ikastea eta hor egotea. Egia esan asko gozatzen ari naiz prozesu horretaz.
Bi probetan Jessica Fox izango da faboritoa. Nola ikusten duzu lehia?
Jessica Fox beti izango da faboritoa. Duen maila estratosferikoa da. Fox eta Ricarda Funk izugarri ari dira eta gero badago beste 15-20 palista multzo bat ere nabigazio maila altua dutenak.
Entrenamenduetan ikusi dugu Zwolinska poloniarra punta-puntan dabilela eta Vinet frantsesa, Esloveniarrak, baita ingelesak ere, italiarrak. Hor beti dago jende asko ongi dabilena. Bakoitzak bere ibiltzeko modua eta estiloa du.
Baina garrantzitsuena da, lehiaren egunean guztiak egoera berdinetik hasten garela. Irteeran inork ez du ez ukitu, ez penalizazio edo nabigazio ona. Denak zerotik hasten gara eta egun horretan onenen ibiltzea lortzen duenak, egoera hobeto kudeatzen duenak, horrek eramango du saria. Nire helburua nabigazio onena egitea izango da eta horren bila joango naiz. Horretan gabiltza eta horretan zentratzen gara lehia eta entrenamendu saio guztietan.
Kanala ongi ezagutu arren, probetako zirkuituak egunera arte ez dakizkizue.
Hori da. Guztiak ezagutzen dugu kanala, guk guztiok entrenatu dugu kanalean eta maila altua da. Guztiak indartsu dabiltza eta espero dugu borroka horretan parte hartu ahal izatea.
"Nire helburua nabigazio onena egitea izango da eta horren bila joango naiz"
Kanalean familia osoa egongo zarete eta Pau Etxaniz ere, entrenatzaile eta bikote den Xabier Etxanizen semea, lehian egongo da. Berezia izango dela aipatu duzu.
Polita izango da. Emozioz biziko ditugu.
Pau betidanik izan da nire prestaketa guztietan, txikitatik ikusi nau lehiaketa horiek prestatzen. Bera ere oso txikitatik piraguismo mundura lotu zen eta beretzako sekulako ametsa izan da Olinpiar jokoetan egotea.
Naturaltasun osoz daramagu, urte batzuk dira taldean elkarrekin gaudenak eta elkarrekin entrenatzen dugula. Beraz naturaltasun osoz eta emozio handiarekin Pau bertan egoteko.
Bere hoberena emango du horrelako lehiaketa batean. Oso lehiakide ona da eta horrelako ekitaldi handiei ongi egiten die aurre eta beretzako sekulakoa izango da. Eta momentu hori elkarrekin bizi ahal izatea ezin da ezer gehiago eskatu.
Gainera, kanalaz gain, ikusle modura ere familia Parisera gerturatuko da?
Bai, lehia ikustera joango. Espero dut familiak ere lehiaz disfrutatzea eta Olinpiar Joko hauek gogoz bizitzea.
Bandera eramatea eskaini zizuten, baina ezezkoa eman zenuen hurrengo egunean lehiatu behar duzulako.
Lau Olinpiar jokoetan izan naiz eta inaugurazio ekitaldi bakarra joan naiz. Ekitalditik hiru egunetara lehiatu behar nuelako.
Egungo egoeran, hurrengo egunean saioa dudala, ezinezkoa da. Ez dut asko pentsatu behar izan ezezkoa emateko. Jokoetan argi dago erronka jokatzea dela, momentua hori dela eta horretara iristeko esfortzu asko egin eta egon dela eta ezin ditugula gauzak horrela zintzilik utzi. Iritsi daiteke momentua, egun hori damutu dezakezula helburua lehia delako.
Azken urtean proba gutxi egin dituzu. Munduko kopako probak eguraldiak baldintzatuta lehiatu dituzue, baina Krakoviako Munduko Kopako proban zilarrezkoa atera zenuen. Nola joan da urtea lehiakete dagokionez?
Hautaketa probak eta gero, Europako txapelketa egin genuen eta Munduko kopako bi proba, Praga eta Krakoviakoa. Ahalik eta onena ematen saiatu gara, baina emaitza ezberdina izan da.
Aurten lehiaketak nahiko kuriosoak izan ziren, Europako ibaiak urez gainezka zeuden eta proben egitarauak, etab… aldatu behar izan zituzten. Kanaletan ur gehien zegoen eta egunero egoera berri batekin aurkitzen ginen. Interesgarria izan zen. Zailtasunean lan egitea positiboa izaten da Jokoei aurre egiteko.
Lehiak ikasteko erabiltzen dira eta lehia bat gaizki egiteak ez du esan nahi hurrengoan ere gaizki aterako denik, ezta ondo ateratzen dean, hurrengoan ere ondo joango dela ere. Lehiaketa bakoitzean nire ustez dena zerotik hasten da eta argi izan behar dela zein den lehia horretako plana. Erabat zentratua egoteko horri eutsi behar diot momentu guztietan, zer eta nola egin nahi dudan.
Eta etorkizunean seigarren Olinpiar Jokoak jokatuko al ditu Maialen Chourrautek?
Lehengo bosgarrenak lehiatu behar ditut eta gero… Zaila izango litzateke seigarren batzuetara iristea. 41 urte dauzkat eta oso harro sentitzen naiz nire buruarekin. Nire adinean lehiatzea moldea puskatzeko era bat da eta oraindik forma onean. Parisera ongi iristen naiz eta horrekin harro nago. Ez naiz pertsona bakarra jokoetara joaten saiatzen dena; gazte asko dago punta-puntan ibiltzen direnak eta kanpoan geratzen direnak.
Lau urte barru, lau urte gehiago dira eta gogo faltarengatik ez dut uste izango denik, baina fisikoki 45 urterekin ongi iristea… Egia esan, Los Angeleseko Olinpiar Jokoetara iristea konplikatua ikusten dut. Iritsiko banitza, beno…ez dakit ikusi behako litzateke nire gorputza nola dagoen.
Baina lehenengo Parisera iritsi behar gara. Gainera gauzak ez dira hasten edo bukatzen Parisko Olinpiar Jokoetan. Nik badakit jokoak amaitzen diren hurrengo egunean ere piraguista izaten jarraituko naizela hurrengo hilabeteetan, ez dakit noiz jarriko diodan amaiera nire ibilbideari. Ez da guztia Olinpiar Jokoak eta badakit jarraituko dudala, gogoz nago, maila onean eta oraindik hor nagoelako. Parisko Olinpiar Jokoak ez dizkit inork oparitu, nik irabazi dut plaza hasieratik eta nire izena eta abizeneko hizki guztiak jarri dizkiogu, nik eta nire taldeak; guztion artean lortu dugu.
Bizitzeko modu hau gustuko dut. Oraindik piraguismoari zerbait ematen diot eta niri piraguismoak ere asko ematen dit. Bestela ez nintzateke hemen egongo.
Jokoak alde batera utzi, Usurbilen kanala egiteko proiektuak aurrera darrai?
Ni ez nago proiektuaren barruan, baina badakit aurrera doala. Baimenak lortzen.
Espero ez epe luze batean bukatua egotea, kanala eraikitzen hastea eta Usurbilen kanal hori eduki ahal izatea. Piraguistek eta herritarrek disfrutatu ahal izatea.