"Sinestezina egiten zait oraindik ere. Erronka handia izan da, baina uste baino hobeto eraman dut"

Txintxarri Aldizkaria 2024ko uzt. 26a, 10:21

YOLANDA DONIS MANTEROLA Idazlea

Zazpi urteko lanaren emaitza da 'Zazpi gurutzeak' eleberria. Hasieran, gaztelaniaz idatzi zuen kontakizuna; hori euskarara ekarrita, orain bi hilabete kaleratu du bere lehen nobela

Lehenengoz argitaratu du eleberri bat Yolanda Donis Manterola (Lasarte-Oria, 1970) herritarrak. Liburuak irakurtzeko zaletasuna eta ohitura badu, baina, irakurtzea ez, beste aldea, idaztea arakatzeko irrikak bultzatuta erabaki zuen lan horri ekitea. Aitortu du, hasieran "erronka handia" izan zela, baina "oso pozik" agertu da prozesuarekin eta baita emaitzarekin ere.

Nolatan animatu zara eleberri bat idaztera? Zerk bultzatuta?

Eleberri hau idaztearen hazia nire buruan bizi izan da aspalditik egia esan. Barnean nuena paperera ekartzerakoan, ohartu nintzen txukun egitekotan edonolako tresnak eskuratzea beharrezkoa zela. Horregatik, hurrengo pausoa izan zen sormenezko idazkera lantzeko ikastaro batzuk egitea. Horiek benetan aberasgarriak izan ziren; behar nuen azken bultzada eman zidaten nire asmoari buru-belarri ekiteko. 

Irakurzaletasuna dugunoi edonoiz pizten zaigu beste alde hori arakatzeko irrika; idaztea.

Nolako prozesua izan da? Zenbat luzatu da denboran lan hori?

Nobela hau idazten hasi nintzenetik zazpi urte inguru igaro dira. Lehendabizi gaztelaniaz idatzi nuen, eta hainbat aldiz zuzendu eta amaitutzat eman nuenean, zenbait argitaletxetara bidali nuen, horien artean, Zarautzeko Dakit argitaldarira. 

Bertako arduradun Sabin Oregik, gaztelaniazko bertsioa irakurri eta gero, sekulako erronka bota zidan; esan zidan kontuan izanda eleberriaren istorioa hemen, Euskal Herrian kokatua dagoela, eta ni ere euskalduna naizela, ea zergatik ez nuen euskaraz berridazten. Horrela, pasa den udan erronka horri ekin nion. 

Eleberria nik neuk berridatzi dut, jakin gabe emaitza nolakoa izango zen, euskaraz idazten nuen lehen aldiz baitzen. Zorionez, hemen dago emaitza.

Eta idazten hasi aurreko lanak, nolakoak dira?

Idazten hasi aurretik egin behar den informazio eta datu bilketa hori lan guztiz hezigarri eta aberasgarria iruditzen zaidala azpimarratu nahi nuke, asko gozatzen baitut prozesu horretan. 

Orain proiektua eskuartean duzula, zer sentsazio duzu azken emaitzarekin?

Oso pozik nago, oso sentsazio onak ditut. 

Eta prozesuarekin ere pozik? Egon al da momenturik 'ur handiegitan sartu naiz' pentsatu duzunik?

Prozesu oso polita izan da. Erronka oso handia izan zen, baina uste baino hobeto eraman dut. 

Sinestezina egiten zait, oraindik ere. Lehen alea esku artean izan nuenean sekulako poza sentitu nuen. Gainera, eskertzekoak dira, alde batetik Sabinen konfiantza, editore moduan, eta Josebaren pazientzia, zuzenketaren arduraduna izan baita. Eta bestetik, Rakelen eskuzabaltasuna eleberriaren sarrera bikaina moldatzeagatik, eta Ainararen, hau da, nire alabaren sormen lana, eleberriaren azala guztiz ikusgarria lortzeagatik. Azken finean, proiektu hau denen artean borobildu baitugu.

Zer nolako erantzuna izaten ari da? Jaso duzu feedbackik? 

Nik uste goizegi dela hortaz hitz egiteko, bi hilabete eskas baino ez baitira igaro kaleratu nuenetik. Dena den, esango dizut Zarauzko azokan estreinatu zela lehen aldiz, eta espero baino ale gehiago saldu ziren. Gauza bera gertatu zen Ziburuko azokan; hantxe ere izan ginen eta niretzako esperientzia oso berria izan zen, benetan aberasgarria. 

Idazle berria eta ezezaguna naizela kontuan izanda, oso pozik nago. Gainerakoan, denbora kontua izango da. 

Anne da protagonista, eta, oker ez banago, bere inguruan kokatzen da eleberria Spoiler handiegirik egin gabe, konta diezagukezu zer topatuko duen irakurleak 'Zazpi gurutzeak' eleberrian? 

Istorioak bi denbora lerro ditu, eta horietako bakoitzak bere protagonista. Ane da protagonista, baina ez bakarra, bestea bere ama baita. 

Batak 60. Hamarkadan Euskal Herritik Idaho-ra (AEB) alde egiten du, eta ia mende erdi geroago, alabak kontrako bidaia egingo du iraganaz arakatzeko beharrak bultzatuta. Pentsa, urrutian jaiotako kaleko gazte batek baserri eta landa inguruko mundu ezezagun batean biziko dituen abenturak ez dira makalak izango, ezta tartean aurkitzen duen guztia ere. 

Kontakizun horrek izango du nolabaiteko loturarik izenburuarekin, ezta?

Bai, noski. Annek aurkitzen dituen arrastoak edo izenburuarekin lotuta daude. 

Asmatutako kontakizun bat da, edo benetako gertakizunetan oinarrituta dago?

Asmatutakoa da, bai. Halere, nire arbasoen izenen bat edo beste erabili dut, eta aitona-amonaren baserrien izenak, adibidez, abizen bihurtu ditut eleberrian. 

Horrez gain, istorioaren pasarte batzuk Aia eta Laurgain inguruan kokatu ditut; azken finean nire amonaren baserria Laurgainen zegoelako. 

Beraz kontakizuna asmatutakoa izan arren, zure arbaso eta familiari ere keinu batzuk egiten dizkio. 

Bai, hori da. Amarekin izandako elkarrizketetan, garai haietako oroitzapen eta ohiturak bildu ditut. Gainerakoan ez, nire irudimenaren eta dokumentazio lan zabalaren emaitza da. 

Euskarazko bertsioa kalean dago, baina elkarrizketaren hasieran aipatu duzu lehenago gaztelaniazkoa idatzi zenuela. Hori, ordea, momentuz ez da argitaratu. Baduzu horretarako asmorik?

Asmoak hor jarraitzen du, euskaraz ez dakiten lankide eta lagun mordoa gaztelaniaz kaleratzeko zain daudelako. Nik hala izatea espero dut, denbora kontua izango da nik uste. Horretarako ilusioa badut.