Lehen finalerdian, Jagoba Mendizabal eta Julen Urruzola Luken Carbayeda eta Eneko Ortiz izan zituzten aurrez aurre. Mendizabal eta Urruzolak ligako buru izan ziren eta zergatia erakutsi zuten finalerdian. Carbayeda-Ortizek ez zuten aukerarik izan. 30-9 gailendu eta finalerako lehen txartela eskuratu zuten.
Bigarren norgehiagokan Xabi Arteaga eta Haritz Urkiak Oier Odriozola eta Eneko Sarasolaren aurka borrokatu ziren. Lehia handia izan zen bi bikoteen artean. Baina Arteaga-Urkia bikoak tantoak ederki amaitzen jakin eta 30-19 irabazi zuten partida finalerako bigarren postua lortuz.
Finalaren eguna
Gaur, hilaren 26a, Santa Ana eguna dugu eta arratsaldeko 17:30etik aurrera, txapelketako hirugarren postua eta finala lehiatuko dira Loidibarren pilotalekuan.
Lehenik Carbayeda-Ortiz eta Odriozola-Sarasola bikoteak izango dira kantxan hirugarren postua eskuratzeko helburuarekin.
Ordubete geroago, finala hasiko da. Txapelaren bila, Mendizabal-Urruzola eta Arteaga-Urkia bikoteak neurtuko dituzte indarrak.
Lehia hasi baino lehen, Erketz EDTko kideek agurra egingo diete bikoteei.
Udalak jakitera eman duenez, lehen postuetako kideez gain, parte hartzaile guztiek izango dute saririk.