European Breeder´s Fund sarirekin hasi zen saio berantiarra. Bulnes-Václav Janácek eta Mini George- Ricardo Sousa bikoak lehia bizian izan ziren lasterketan zehar. Azken zuzengunean, lehenek erritmoa aldatu eta saria eskuratu zuten.
Jardunaldiko lehen ustekabea Maimounak eta Vicky Alonsok eman zuten Emakumeok mugimenduan sarian. Maimouna-Alonso erraztasun handiz lasterketako faborito handiei nagusitu zitzaien.
Urrezko kopa prestatzeko lehen lasterketa, Carrus taldea saria izan zen. Il Decameronek Ricardo Sousak gidatuta hirugarren Urrezko Kopa eskuratzeko prest dagoela erakutsi zuen. Hasieran buru hartu zuen, lehen itzulian zuzengunean Lisiclek hartu zuen taldea zuzentzeko papera. Taldearen barrualdean lasai mantendu zen Il Decameron azken 400 metroak iritsi artea. Erdigunera ireki eta gogor jo zuen erasoa. Alde ireki eta bakarrik iritsi zen helmugara.
Arratsaldeko bigarren sorpresa Biarritzeko hipodromoa sarian suertatu zen. Lore Toki zalditegiko Urracak eta Lucie Castillon jockey gazteak azken zuzengunean taldetik atera eta gainerako aurkariak aurreratu zituen garaipena erdiesteko.
Azken saria Gipuzkoa Kirolak saria izan zen. Abuztuaren 15eko proba nagusiko hautagaiak ikusi ahal ziren horretan ere eta Velerinek Ricardo Sousak gidatua erakutsi zuen bere balioa.
Speedy Recordek eta Nicolas de Julianek lasterketako pisua eraman zuten arren, Velerin-Sousa bikoak bere momentua aurkitzen jakin zuten. Hirugarren postuan mantendu zen eta 400 metro faltan, lehenik faboritoa zen Azkar eta gero Speedy Record gainditu zituen tartea ireki eta nagusitasunez helmuga bakarrik igarotzeko.
Hurrengo jardunaldia, hilaren 28an, arratsaldeko 17:30ean hasiko da eta zaletuek bost sari ikusteko aukera izango dute: Moyua eraikuntzak, MAPA Kriterium Nazionala, A Caballo Ganador, San Sebastián Gastronomika eta Diario Vasco.