Buruntzaldea IKTko Ibon Elola, Mario Amantegi, Iñaki Garcia eta Oihan Matute infantil mailako Espainiako txapelketan izan ziren lehian, Sabadell-en (Katalunia). Laukoteak 4x200 m. erreleboa lehiatu zuen eta Iñaki Garcia eta Oihan Matutek ere bakarka egin zuten igeri.
Garciak lau probari egin zien aurre, 50 m. libreko finalean izan zen lehian eta proba horretako (24,83) zein 50 m. (29,77) eta 100 m. (01.03,31) bizkar lehietan bere marka pertsonalak ondu zituen. 200 m. libre saioan, aldiz, 02.04,17 egin zuen. "Azkarregi hasi zen eta zaila egin zitzaion proba modu onean amaitzea," azaldu dute igeriketa taldeko ordezkariek.
Matutek, aldiz, 400 m. libre proban 04.37,00 marka egin zuen. Buruntzaldea IKTko prestatzaileek adierazi dutenez, "lehen esperientziako urduritasunak eragina izan zuen harengan eta ez duen gustura bukatu proba".
Erreleboari dagokionez, euren serieko hirugarren postua eskuratu zuen laukoak 08.26,72 denborarekin. Lehen postan Matute izan zen eta 200 m. libreko bere marka pertsonala hobetu zuen, 02.07,27.
Igeriketa taldeko prestatzaileek igerilarientzat horrelako txapelketa batean egoten den maila altua ezagutzeko baliagarri izan dela adierazi dute. Eta esperientzia horren ostean, oporretako garaia iritsi zaie guztiei.
Euskal Herriko txapelketa
Ordiziako Majori kiroldegian, Absolutu mailako Euskal Herriko txapelketa jokatu zen. Buruntzaldea IKTko Nahia Zudairek lau proba egin zituen lehiaketan. Paralinpiar Jokoak prestatzen ari da kidea eta honakoak izan ziren bere markak: 100 m. libre, 01.12,19; 200 m. libre, 02.36,98; 800 m. libre 10.34,09 eta 100 m. bular, 01.34,00.
Itsas Zeharkaldiak
Igerilekuko denboraldia amaituta, udan itsas zeharkaldien txanda iritsi da. Lasarte-Oriako ordezkariak Ondarroan (Bizkaia) eta Getarian izan dira lehian eta lehenean podiumean izan ziren.
Hilaren 20ean, Ondarroako Elena Fernandez Iturrioz Oroimenezkoa den 37. itsas lasterketa jokatu zen. 300 bat igerilarik parte hartu zuten eta Kairoscore taldeko Jurgi Sukunza herritarrak junior mailako garaikurra eraman zuen, 19.23 eginez. Sailkapen orokorrean ere lehen postuetan izan zen, laugarren. Aimar Sukunza anaia zazpigarren izan zen, 20.54 eta Aitor Iurramendi herritarra 28,06 behar izan zituen ibilbidea egiteko.
Hurrengo egunean, aldiz, Getarian izan ziren herriko ordezkariak. Marka onena Juan Vicente Martin Bañosek egin zuen, 26.00. Iurramendi (30.37) berak ere parte hartu zuen, baita Yepa! taldeko Laura Arroyo (28.39) eta Buruntzaldea IKTko Asier Gorostegi (29.30) ere.