Ribeiran Bandeira Barbanza Arousa jokatu zen eta Tolosaldeak lana eman zion Donostiako ontziari.
Hasieratik bi traineruak nahiko paretsu ibili ziren eta ziabogan lau segundoko aldea izan zuten. Lehia horretan Orio ere sartuko zela zirudien arren –ziaboga egiteko Lugañene baino hiru segundo gehiago behar izan zituzten mirotzek–, bigarren luzean tolosarrak eta donostiarrak izan ziren estropadako bruan lehia bizian.
Azken metroetan Donostia Arraun Lagunak-ek alde txikia ireki zuen eta 11.06,40 markarekin bandera eskuratu zuen. Tolosaldeak sei segundo gehiago behar izan zituen.
Hurrengo egunean, V. Bandeira de Traiñeiras Feminina Rianxeira lehiatu zen Boiron eta Lugañenek hasieratik argi utzi zuen ez zuela aurkaririk nahi. Estropadako buru jarri eta erritmoa mantenduz, 11.01,55 denborarekin irabazi zuen. Bigarren Donostiarrari izan zen, ia hamahiru segundora.
Bosgarren postuan
Intza Fernandez herritarra kide duen Hondarribia Bertako Igogailuak, aldiz, bigarren txandan lehiatzeko borrokan ari da jardunaldiz jardunaldi.
Galiziako bi saioetan lehen txandako garaile nagusia izan arren, ezin izan zituen bigarren txandako denborak gainditu –11.21,48 eta 11.29,00 egin zituen , hurrenez hurren– eta bietan bosgarren postuan amaitu zituen lehiak. Sailkapen orokorrean ere postu berean dago.
Hilaren 27an eta 28an, berriro ere, Bizkaian izango dira lehiak Getxo eta Lekeition, zehazki.