Santa Ana Eguna lasarteoriatarrentzat esanguratsua den data da, eta ohi bezala, ostiraleko ospakizunen aurreko igandean merkatu berezia aurrera eraman dute. Ia lau mende urratu ditu Artisautza Azoka Tradizionalak, 39.a da, eta azken urteetako eskema bera izan du, bi gunetan antolatu baitituzte salgaiak. Okendo plazako erakusmahaietan askotariko ondasunak zeuden: bitxiak, telazko poltsak, txalapartak, oinetakoak, arropa, ukenduak landareak... Mercero plazan, berriz, jatekoak ziren nagusi: gazta, eztia, hestekiak, ogia, gozoak... Eta bien artean, arkupeetan, ehoziri lanetan aritu da emakume talde bat eta egurra lantzen zenbait zurgin.
Zabalgune nagusian bi lauki osatu dituzte postuek bira bakarrean dena ikusteko aukera emanez. Hori jende andana gauza bera egiten ariko ez balitz, noski... Mahaietan begira aritzeko denbora hartu dute herritarrek, baita saltzaileekin mintzatzeko ere. Izan ere, salerosketaz harago, ofizioen berri izatea ere bada azoka honek ahalbidetzen duena. Egileei galderak egin, zalantzak argitu, produktuen xehetasuna ezagutu edota ekoizteko moduen berri izan. Esaterako, postuan zituen saskietako batzuk TXINTXARRIekin eginak direla azaldu du arduradunak.
Horrez gain, haurrentzako tailerretan patata tortilla, argizari kandelak edo panpinak egiten ikasteko aukera izan dute partaideek. Horiek ere jakin-mina piztu dute eta gaztetxoek adi-adi jarraitu dituzte emandako argibideak beraien sorkuntzak gauzatzeko.