Hiru orduan 1.000€ gastatzea askoren ametsa izan daiteke, baina hura egikaritu dezaketenak ez dira hainbeste. Aterpeak urtero aukera bat ematen die herriko establezimenduetako bezeroei, eta zorionekoa aurten Ricardo Rodriguez Jorge mexikarra izan da. Zazpi bat hilabete daramatza herrian bizitzen eta Santana informatika dendan bete zuen txartel irabazlea. Ordenagailua konpodu eta erosketa txiki bat egin izana errentagarri izan zaio, zalantzarik gabe.
Aterpeako Arantza Aldairen deia ezustekoa izan zen Rodriguezentzat eta ezin sinetsita Agustin Santanari deitu zion egia ote zen baieztatzeko. Poza, lotsa eta urduritasun nahasketa bat nabari zitzaion ostirala arratsaldean bere saria jaso duenean. Eskuetan saltoki eta produktuen zerrenda prestatua zuen, azken zentimora arte doitua, baita noiz-nora joango zen erabakita ere. Lagungarri izan du Aterpeak jarritako kotxe dotorea, batetik besterako bidaiak ahalik eta azkarren egiteko.
Abiatu aurretik, hori dena egiteko aukera emango zioten txartelak jaso ditu Aldairen eskutik eta talde argazkia egin dute Agustin Valdivia alkatea, Udaleko Sozioekonomia departamentuko buru Nuria Fernandez, Aterpeako lehendakari Mabel Pedreira, Agustin Santana, eta Ventanas Alcar dendako Luis Mari Carballo eta Ana Laureanorekin.
Pedreiraren esanetan, hilaren lehen hamabostaldian aurrera eraman dutena, urteko kanpaina "gustukoena eta parte hartzaile gehien dituena" da. Jendetzak parte hartu duela nabarmendu du, "inoiz baino txartel gehiago jaso ditugula esango nuke". Alkateak, txantxetan, zehaztu du udako eguraldi txarraren alde ona dela, "hondartzara edo joaterik ez denez, herriko saltokietan gastatzea da aukera". Biek irabazlea zoriondu dute eta gozatzea opa izan diote.