'LJ75' antzezlanaren emanaldia egingo du gaur Barsanti Teatroak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko uzt. 19a, 07:00

Kale Antzerkia Bultzatuz zikloaren azken emanaldia aurrera eramango du Barsanti Teatroak gaur arratsaldean, Okendo plazan, 19:00etan. 'LJ75' antzezlana ekarriko du herrira.

Mundu guztiaren ahotan dagoen LJ75 kanpaina soziala aurkeztuko dute pertsona ezezagun batzuek gure herrian. Sustatzaileek adierazi dute "aro berri baten hasiera" izango dela eta askatasunaz, justiziaz eta giza eskubideez hitz egingo dutela. Zer ote dago hitz polit horien atzean? Zeintzuk dira proiektu horren bultzatzaileen benetako asmoak eta nortzuk dira oraindik inork ikusi ez dituen "sustatzaile eraginkor" horiek?

Proposamen eta galdera misteriotsu horiek botatzen ditu Barsanti Teatroak bere kale ikuskizun berrian, LJ75 izenekoan. Maiatzean estreinatu zuten Leioan (Bizkaia) eta herriz herri ibili dira geroztik, "inguratzen gaituen populismoen arriskuaz hitz egiten duen komedia" han eta hemen erakusten.

'LJ75'

Zuzendaria: Pako Revueltas. Gidoia: Pako Revueltas. Ekoizlea: Mama Crea. Lurraldea: Bizkaia (2024). Iraupena: 50 minutu. Generoa: Komedia. Aktoreak: Pako Revueltas, Aritza Rodriguez, Asier Fragas eta Juanjo Otero.