Karmengo Ama Birjinaren kaperak bezalatsu, bere omenezko jaiek ere aldaketak izan dituzte hamarkadaz hamarkada. Hasierako urteetako programa murrizten joan zen jarduerak antolatzeko zailtasunak tarteko. 90. hamarkada hasieran auzoko gazte talde batek egitarau oso bat antolatzeko ahaleginak egin zituen baina urte gutxiren buruan hilaren 16ko meza eta ondorengo bazkaria izan ziren jarduera bakarrak, 2014ra arte. Salbuespen gisa, 2004an arratsaldeko dantzaldia, 2006an Oriako Sorgin Dantza eta 2007 nahiz ondorengo urteetan Villabonako Solano Trikitixa Eskolako lagunen emanaldia antolatu zituzten.
2014an egitarau osoa berreskuratu zuen La Esperanza auzo elkarteak, udalaren eta zenbait eragileren laguntzarekin.