Jagoba Mendizabal eta Julen Urruzolak osatutako bikoteak jokatutako neurketa guztiak gainditu ditu eta sailkapeneko buru bezala finalerdietako batean izango dira lehian. Xabi Arteaga eta Haritz Urkia bikoak ere sei neurketa irabazi ditu eta bigarren finalerdietan borrokatuko dira. Horien aurkariak hirugarren sailkatu diren Eneko Sarasola eta Oier Odriozola izango dira.
Laugarren bikotea oraindik zehazteke dago. Bihar, hilaren 20an, ligako azken norgehiagoka jokatuko da eta horren arabera, osatuko da lehen finalerdia.
Finala eta hirugarren postuko lehia, ohi moduan, Santa Ana egunean, hilaren 26an, jokatuko dira Loibarren pilotalekuan. 17:30ean hasiko da pilota jaialdia; final handia 18:30ean hastea espero da. Aurretik, aipatu legez, hilaren 22an, astelehenarekin, finalerdiak ikusteko aukera izango dute zaletuek.
Zikuñaga txapelketa
Esku pilotari dagokionez, Intza KEko Peru Urdanpilletak ez du atsedenik eta Zikuñaga Papelera txapelketa jokatzen ari da Hernanin Ospeleko Albeniz lagun duela. Nagusien zilarrezko mailan ari da lehiatzen herritarra, bi neurketa jokatu dituzte baina zortea ez dute aldeko izan.
Ez zuten txapelketa ongi hasi hilaren 11n, Intxurreko Oiarbide eta Hernaniko Etxarri izan zituzten aurkari eta 18-6 galdu zuten. Bigarren neurketan, hilaren 15ean, Gorostidi-Iriarte (Zazpi Iturri-Oiarpe) bikoaren aurka lehiatu eta 8-18 gailendu ziren aurkariak.