Podiuma zen aurtengo helburua?
Bai, aurtengo helburua podiumean egotea zen. Baina pista estalikoan lortu genuenez, helburua beteta zegoen. Errepikatzea, lortu genezakeen zerbait zen eta pena horrekin geratu gara.
Pistako Espainiako txapelketan bigarren postua eskuratu zenuen. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Azkenean pozik geratu ginen emaitzarengatik. Baina lehen jauziak ez ziren onak izan, ez zitzaidan atera, bestean bermean kale egin nuen, bestea ez zen balizkoa izan… Bosgarren jauzian lortu nuen nire marka, 12,81 metro. Tentsioko momentua izan zen; gainerako lehiakideen zain egon behar izan nuen, batzuk oraindik bosgarrena egiteko zuten eta seigarren saiakera ere falta zen. Horretan ordena aldatzen zen eta azken aurrena egin nuen jauzi. Beraz, azken jauzia egin baino lehen bagenekien zilarrezko domina nirea zela.
Aire librekoan, berriz, laugarren postuan amaitu zenuen?
Bagenekien guztia estu egongo zela. Ana Peleteiro kenduta gainerako bost edo seiak 10 zentimetro eskasera ginen. Bagenekien txapelketa ona egiten zuenak eramango zituela dominak.
Nire sentsazioak onak izan ziren baina ez nuen lortu jauzi ona. Batean zerbaitean oker egiten nuenean, bestean beste zerbait. Eta azkenean podiumetik zentimetro eskasera geratu nintzen.
Ana Peleteiro aipatu duzu, beste maila batean dagoela esan daiteke?
Gaur egun dagoen forman, zaila da bere mailara iristea. Oso egun txarra izan behar du eta guk oso ona berarekin parera lehian egoteko. Europako txapeldun izan da eta maila handia dauka.
Denboraldian zehar marka hobetzen joan zera eta hamahiru metrotara iritsi zinen maiatzean.
Pista estalian markak ez zirela iristen geratu ginen. Baina egindako jauziekin bagenekien forma onean nintzela eta aire librera begira jarraitu genuen entrenatzen. Forma hobetzen joan ginen pixkanaka eta maiatzean hamahiruko metroko jauzia atera zen. Inoiz ez nuen horrelako marka bat izan denboraldiko puntu horretan. Geroztik forma mantendu dugu, momentu onean iritsi naiz Espainiako txapelketara, baina ez da atera jauzia.
Euskadiko txapelketan zentimetro batera geratu nintzen eta Espainiako txapelketan ere ez zen posible izan. Fisikoki hamahiru metroetara iristeko prest nengoela uste dut, baina ez zen jauzia atera. Maiatzean proba librean egindakoa gainditu nezakeela uste dut, baina azkenean lehiaketan gauza asko atera behar dira ondo eta ez dut zortea izan.
Aurreko urteetako markak hobetzeko edo gerturatzeko nengoela uste dut, baina arantzatxo horrekin geratu naiz. Forma fisikoa ona nuen, sentsazio onekin nengoen… ez zen jauzia atera.
"Gaur egun dagoen moduan, zaila da gainerakoak Ana Peleteiroren mailara iristea"
Aire libreko Espainiako txapelketan gainera bi probatan parte hartu duzu aurten; luzera jauzian ere izan zinen lehian. Nola joan zen lehiaketa hori?
Pista estalian duela urte batzuk biak lehiatu nituen. Nahiz eta beste urteetan aukera izan dudan bietan parte hartzeko ere, normalean luzera jauziko lehiaketa jauzi hirukoitzeko baino lehen izaten da. Guk jauzi hirukoitzari begira egiten dugu entrenamendua eta horregatik txapelketa bakarra egin izan ohi dut. Aurten ordutegia ikusita, lehenengo jauzi hirukoitza eta gero luzera jauzia, biak egitea erabaki genuen.
Bagenekien zortzi onenen artean sailkatzeko nire marka inguruan ibili beharko nintzela. Baina proban ez nuen nire eguna izan, sentsazioak ez ziren onenak; aurreko egunean lehiatu izanak ere ez zuen lagundu. Sentsazioak aurkitu ez nituelako amorruarekin geratu nintzen. Baina pozik nengoen bertan egoteagatik soilik. Gurean gauza askok baldintzatzen dute jarduna.
Esate baterako, Espainiako txapelketara iritsi nintzen eta ez nuen egun bat bera ere lehiatu euririk gabe. Aire librean gaude, berez eguraldia ona izan behar da, baina aurten ez da horrela izan. Baina badakigu hemen zer daukagun eta euriarekin lehiatzea egokitu daiteke. Uste dut Euskadiko txapelketan libratu ginela, baina gainerako guztiak euritan egin ditugu.
Bestetik , ordutegia ez da ohikoa izan txapelketa baterako, ezta?
Nik beti esan dut arratsaldean lehiatzea gogoko dudala, baina ez dut inoiz hain berandu proba bat izan. 19:30-20:00ak lehiatu izan dut. Txapelketan 21:10 izan zen jauzi hirukoitza; baina ez zen eragozpena izan lehiatzeko. Ordutegi aldetik ez nuen diferentziarik sumatu, arratsaldeko 18:00etan lehiatzea bezala izan zen. Alde horretatik ez nuen arazorik izan.
Michelingo kirol gunea azken hiruhilekoan ezin erabili izanak ez zuen lagunduko.
Martxotik aurrera zoramena izan da. Entrenatzeko zailtasunak izan ditugu eta egoerara moldatzea erronka bat izan da denontzat ongi entrenatu ahal izateko.
Euskadiko zein Gipuzkoako txapeldun nagusi zara jauzi hirukoitzean pista eta aire librean. Belaunaldi berririk ba al dator?
Egon ziren urte batzuk maila baxuagoa zegoela zirudiena, baina belaunaldi berriak datoz eta pare bat urteetan podiumean egoteko lehia gogorragoa izango dela uste dut bai Gipuzkoa baita Euskadi mailan ere.
Aurten absolutu mailan bakarrik lehiatu zara. Prestaketa aldatu da?
Ez. Adin txikiko edo absolutu mailako azpiko lehiaketetan zaudenean, zure adineko jendearekin lehiatu ahal zarenaren abantaila duzu. Absolutura salto egitean, adibidez Ana Peleteiro batekin lehiatu behar duzu. Aurreko urteetan fokua nire mailako txapelketetan jartzen genuen eta aurten guztia izan da absolutura begira.
Maila horretara iristeko, zenbat eta nolako entrenamenduak egiten dituzu?
Denboraldiaren arabera egiten dut lan, baina bos- sei egun astean entrenatzen dut. Denetarik egiten dut. Indar ariketak, teknika ariketak, abiadura,… denetarik.
Aurten Euskadiz kanpo lehiatzea pentsatu al duzue?
Pentsatu genuen. Iaz Salamancako meeting batera joan nintzen marka egiteko baliagarria zelako. Baina azkenean bidaiatu behar zara, horrek nekea dakar eta bidaiak ondorioak izan ditzake lehiaketan. Hemen aukerak izanik, nahiago dugu hemen lehiatu. Lasaiago. Gainera nik entrenatzaile gertu behar dut, beno komeni da nirekin egotea zuzenketak egiteko. Beraz, biek posible izan beharko genuke eta zaila izaten da.
Euskadirekin lehiatzen ere izan zara. Azken txapelketa Erkidegoen arteko Espainiako txapelketa izan zen eta bertan bigarren izan zinen, 12,81 metroko jauziarekin.
Beno, hemen ere markaren arantzatxo dut. Bagenekien txapelketan haizea egongo zela eta helburua Euskadiri puntu gehien ematea zen, sailkapenean gorenen egoteko. Beraz, alde horretatik pozik lortutakoarekin.
Horrez gain, aurten Espainiako jauzilarien topaketa batean ere izan zinen. Esperientzia aberasgarria izan zen?
Gabonetan izan zen, urtarrila hasieran. Espainiako hainbat jauzilari batu ginen Castellon (Valentzia) eta bertako entrenatzaileen saio ezberdinak egin genituen. Esperientzia ederra izan zen. Jende berria bai atletak baita entrenatzaileak ere ezagutzeko aukera polita eman zidan.
Ekainean Ostadar SKTk Kirolari Onena Saria eman zizun. Zer moduz jaso zenuen aitorpena?
Pozarren klubak eta kluba osatzen duten pertsona guztiek Lasarte-Oriako kirolari onena saria jasotzeko niregan pentsatzeagatik eta klubak aitormen hori egiteagatik.
Denboraldia amaitu duzu? Edo hurrengo urtea prestatzen hasi zara?
Bai, amaitu dut denboraldia. Hala ere, azken hamabost egunetan taldekide batzuekin egon naiz entrenatzen laguntzeko.
Iraila hasieran hasiko gara berriro lanean, oraindik ez dugu helbururik. Entrenatzen hasi eta zer dagoen ikusi eta zehazten joango gara. Baina listo, orain deskantsatzera.