Aipatu ekimenean parte hartzea "funtsezko elementua" dela nabarmendu dute: "Gazteekin oinarrizko gaitasun soziolaboralak eta errotze soziokulturala garatuko ditugu, baita ekosistemarekiko elkar elikatzea ere". Era berean, parte hartzeak enplegu aukerak sustatzea ahalbidetuko duela ere azpimarratu dute. Gaineratu dute, genero ikuspegia, prebentiboa eta sistemikoa dituen proposamena dela, eta "euskararen sustapena eta jasangarritasuna" barne hartzen dituela.
Hiru azpi proiektu
Ekinbat!ek erronka bakarrari erantzunak bilatzea du helburu, eta, horretarako, hiru azpi proiektu zehatz garatuko dituzte ekimenean parte hartzen duten eragile ezberdinek.
Gazteekinbat! izango da horietako bat. Pedagogia feministen bitartez, Gipuzkoako Hasierako Lanbide Heziketako zentro publikoetako gazteen parte hartze soziopolitikoa sustatuko dute, tokiko ekosistema eta zentroen artean sinergiak sortuz.
Emakumeekinbat! izango da bigarrena, eta horren bidez, emakume gazteek ahalduntzeko eta laneratzeko tresnak garatuko dituzte, teknika artistikoetan oinarritutako introspekzio sortzaile prozesu bitartez.
Emakumeekinbat! programa EAGI-ko ikasleekin aurrera eramango dute, besteak beste
Hirugarren eta azkenak, berriz, Eragileekinbat! izena du, eta desabantaila egoeran dauden gazteek emantzipatzeko ezagutzak sozializatuko dituzte, enpleguaren bidez helduarora igarotzeko baliabideen gida eleaniztun batez baliatuz.
Lasarteoriatarrak tarteko
Arestian aipatu bezala, Ikertze kultur elkartea da Ekinbat! proiektuaren aliatuetako bat, eta bertako langilea da Nuria Fernandez lasarteoriatarra. ekimenaren gaineko informazioa, eta elkarte horrek izango dituen arduren berri eman dizkio TXINTXARRI-ri.
Azaldu du Ikertze-k orokorrean hezkuntza eta kulturarekin lotutako proiektuak garatzen dituela, eta hiru azpi programetatik Emakumeekinbat! garatzearen ardura izango duela Ekinbat! proiektuaren barruan.
Fernandezen eginbeharretako bat izango da lan egiten duen elkarteak burutu behar dituen lanak koordinatu eta kudeatzea izango da, proiektuan parte hartuko duten ikastetxeekin harremanak egitea, adibidez. Kontatu du Ekumeekinbat!en arituko den ikastetxeetako bat Lasarte-Oriako EAGI eskola izango dela; bertako emakumezko ikasleekin aurrera eramango dute. "Joan den ikasturtetik dugu harremana zentro horrekin, eta datorren ikasturteari begira proiektu hau egingo dugu beraiekin", gaineratu du. Bidebietako helduentzako eskolako ikasleekin ere egingo dute lanketa bera, eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren pisu tutelatuetan bizi diren emakumeekin ere.
Programa horretan izango duen beste zeregin bat izango da arte terapeutei euren programa garatzen laguntzea: "Horiek izango dira saioak gidatuko dituztenak, eta horiek aurrera eramateko metodologia bat diseinatuko dugu". Arte terapia tailerrak egingo dituzte autoezagutza sustatu eta enplegagarritasuna eta inklusioa hobetzeko.
Horrekin guztiarekin batera, programan parte hartuko duten emakume gazte horien taldeak kudeatu eta haien jarraipena ere egin beharko du herritarrak: "Gazteengan gaitasun pertsonal, profesional eta sozialak sustatuko ditugu, lan ibilbidean arrakasta izan dezaten saiatuko naiz". Azkenik, lortu nahi duten aldaketaren inpaktua ebaluatzea eta lankidetza loturak eta aliantzak sortzeaz ere arduratuko dela azaldu du.
Ez da, ordea, programa horretan arituko den herritar bakarra izango; arte terapeutetako bat ere lasarteoriatarra da: Izaro Gabantxo.
Ikastetxe bakoitzarekin aurrez aurreko bost saio aurrera eramango dituzte.