Ines Aguado Errioxako probako podiumera igo zen. 33 kilometroko ibilbidea 04.43.49an egin zuen Lasarte-Oriako kirol elkarteko kideak eta emakumeen sailkapen orokorrean hirugarren amaitu zuen; beterano mailan, aldiz, lehena. Proba horretako ibilbide motza (11 K.) egin zuen Alberto Calvok.
Mertxe Casasek, aldiz, Belchiteko probako 20 kilometroko lasterketan parte hartu zuen eta 02.59.03 eginez beterano mailako laugarren postua eskuratu zuen.
Horiez gain, taldekide Marc Bagesek Domus Teknik 40 MLK (65 km) eta Zegama Aizkorri Mendi maratoiak amaitu zituen; azken horretan LOTMEko kide Xabier Mujika ere izan zen. Mujikak gainera Camille Extreme ere lehiatu du aurten.
T3T eta T2T proban ere izan ziren herritarrik; ibilbide luzean LOTMEko Xabier Aizpurua eta Axeriak taldeko kide Beñat eta Iurgi Los Arcos anaiak eta motzean, Iban Gutierrez eta Jose Ignacio Elvira herritarrak zein LOTMEko Miguel Granado.
Kaleko lehietan azkena, Trintxerpeko 5K Karmengo Jaiak proba izan da. Bertan Gorka Gil eta Raul Gomez Margallo berriro ikusi ahal izan ditugu lasterka eta lehen postuetan, seigarren eta zazpigarren iritsi ziren helmugara, hurrenez hurren.
Kopako podiumean
Bestetik, ehunmilak, G2h eta Marimurumendi maratoia lehiatu ziren hilaren 13an. Proba horietako podiumean herritarrik egon ez arren, Borja Granado Macazaga herritarra oholtzara igo zen. Euskal Mendizale Federazioak (EMF) Euskal Herriko Kopako sariak banatu zituen absolutu zein beterano A eta B mailan eta Granadok Beterano A mailako hirugarren postua eskuratu du 250 puntu batuta.