Lehia biziez gozatu zuten Hipodromoko zaletuek

Txintxarri Aldizkaria 2024ko uzt. 16a, 13:30

Salmarak eta Alejandro Gutierrez Val, helmuga igaro ostean. Arg.: Isaac Farre Rico

Udako denboraldiko sari nagusien prestaketa probak hasi dira Donostiako Hipodromoan. Hirugarren jardunaldian, Donostia Turismo Saria jokatu zen eta iaz Maria Cristina Hotela eraman zuen Salmarak bere hautagaitza erakutsi zuen eguneko bosgarren lasterketan

Bugatiko bihurgunetik hasita Alejandro Gutierrez Valek muntatutako behorrak pixkanaka postuak irabazi zituen eta azken 200 metroetan erritmo aldaketa erabakigarria egin zuten saria erdiesteko.

Sheikh Zayed Bin Sultan Al Nahyan Listed Cupek eman zion hasiera arratsaldeari. Arabiar arraza garbiko zaldu eta behorrek ikuskizun ederra eman zuten. Fateenah-Mickaël Forest eta Asslan Al Shahania-Guillaume Guedj-Gay bikoen arteko borroka bizia izan zen proba osoan zehar; buruz buru egon ziren baina azken metroetan Fateenah behor beteranoa garaile atera zen.

Gipuzkoako Kirol Prentsaren Elkartea sarian Hugo Mouesanek gidatutako Baby Groom izan zen nagusi 2.000 metroko proban.

Lehia ederra izan zen ere Autocares David sarian. Azken 300 metroetan, buruan zeuden Jaime Gelabert-Eurialo bikoari El Cantizal-Alejandro Gutierrez Val eta Rayc-Ricardo Sousa gerturatu zitzaizkien atzetik. Helmuga marrara estu iritsi ziren arren, bi moxalak ez ziren gai izan Eurialori garaipena kentzeko.  

Onda Vasca sarian eta Garda Seguridad sarietan ere lehia polita ikusi zen azken zuzengunean. Lehenean Walkczak-Nicolas de Julian bikoak buru zen Viking City-Hugo Maouesean gainditu zuen eta garaipena erdietsi zuen.

Azken saria ere Nicolas de Julianek eraman zuen, oraingoan Hebe gidatuta. Zuzengunean buru jarri zen bikoa eta azken metroetan Grazalema-Ricardo Sousarekin borroka ederra izan zuen. De Julian eta Hebek ederki eutsi zioten lehen postuari eta lasterketa irabazi zuten.

Hilaren 21ean, 18:45etik aurrera, jardunaldi berriaz gozatu ahalko dute zaletuek. Horretan bost lasterketa izango dira eta horietako bietan Donostiako Urrezko Kopako hautagaiak ikusi ahalko dira lehian.