Donostia Arraun Lagunak-ek ez du aurkaririk Euskotren Ligan

Txintxarri Aldizkaria 2024ko uzt. 16a, 10:30

Donostia Arraun Lagunak, Sestaoko bandera jasotzen. Arg.: Euskotren Liga/ A. Arrizabalaga.

Itsasoan zein ibaian; erlojupekoan zein estropadan Donostia Arraun Lagunak-ek Euskotren Ligako proba guztiak irabazteko gai dela erakutsi du. Ez du hutsik egin Ligako jardunaldietan eta sailkapenean nagusi da Lugañene. Oraingoan Bilboko itsasadarrean Bilboko Hiria eta Sestaoko Udala banderak altxa ditu Donostiako ontziak

Intza Fernandezen Hondarribia Bertako Igogailuak nahiz eta bosgarren postua mantendu, goraka pauso bat eman du. Bilboko erlojupekoan hirugarren izan ostean, aurten lehenengoz Sestaon bigarren txandan aritu zen Ama Guadalupekoa eta herritarrak dituzten bi ontziak nor baino nor izan ziren lehian hilaren 14an.

Bilboko Hiria bandera erlojupeko proba izan zen eta irteerako ordena sailkapenaren alderantzizkoa izan zen. Horrela herritarren ontziak txanda bakoitzeko azken parte-hartzailea izan ziren, Ama Guadalupekoa lehen txandakoa eta Lugañene bigarrengoa.

Berdeek 10.52,76 denbora egin zuten helmugan eta bigarren txandako ontzien zain geratu ziren. Orio eta Tolosaldean ezin izan zuten euren marka gainditu, Donostiako bi ontziak izan ziren hondarribitarrak baino azkarragoak eta bien artean, Donostia Arraun Lagunak izan zen garailea (10.28,32).

Hondarribia Bertako igogailuak eta Donostiarra Sestaon lehian. Arg.: Euskotren Liga/ A. Arrizabalaga.

Aipatu legez, Bilboko sailkapenarengatik, Donostia Arraun Lagunak eta Hondarribia Bertako Igogailuak batera borrokatu ziren seigarren jardunaldian Sestaon. Lehen luzean eta ziabogan gainerako ontziak gertu izan arren, bigarren luzean aldea ireki zuen Lugañenek eta estropada eremuko errekor berria ezarri zuen helmugan, 10.22,26. Atzetik, aldiz, lehia bizia egon zen lehen eta laugarren kaleetan zeuden Orio Orialki eta Donostiarraren artean. Estu iritsi ziren marrara, baina mirotzek lortu zuten bigarren postua. Ama Guadalupekoak, aldiz, laugarren amaitu zuen lehia. 10.38,36 denbora egin zuen eta lehen txandako Tolosaldea edo Hibaika baino azkarrago izan zen. 

Galiziara berriro

Hurrengo bi jardunaldietan, Galiziako uretara itzuliko dira traineruak; Ribeiran Bandeira Barbanza Arousa lehiatuko dute eta Boiron, aldiz, V Bandeira de Traiñeiras Feminina Rianxeira.