Eguraldi goibelak Oriarteko institutuko patioaren babesera lekualdatu du Okendon aurrera eraman beharreko emanaldia, eta jarritako ia aulki denak bete dituzte lasarteoriatarrek. Ordua baino geroago iristen zirenei kexa keinuak egin dizkiete grisez jantzitako bi aktoreek eta orduan zioen afixan, bost minutu gehitu dizkiote hasierakoa behar zuenari.
Nahiz eta bi izan, Danimarkako printzea protagonista duen obra antzeztea erabaki dute, antzezteaz gain, egin beharreko gainerakoa ere bien artean burutuz: atea irekitzeko soinua, elurra edo ahaztutako testua gogoratzeko oroitarazlearena. Ondo hasi dira, baliabide faltari irudimenez aurre egin diote, eta publikoaren barrea eragin dute maiz, nahi bezala atera ez zaienean. Erregina, esaterako, erratzari arropa eta korodun kuboa jarrita irudikatu dute.
Hasieran Hamlet antzeztu duenak Claudiusen rola hartzean, ordea, protagonista gorpuzteko ardura hartu behar izan du besteak. Obrak aurrera egin ahala, aldi berean eszenarioan egon beharreko pertsonaia guztiak bien artean antzezterik ez zutela jabetu dira. Irtenbidea bertaratutakoen artean zeudenek egitea izan da. Hala, mamu bihurtutako erregearen ahotsa egiteko gizon bat aukeratu dute, erreginaren erratza heltzeko emakume bat, Laertes egiteko neskato batek aurkeztu du bere burua, baina Polonius egiteko atera duten lehen mutikoak ez du parte hartu nahi izan, beraz, beste bat aukeratu dute. Guztiei egin beharrekoa "irakatsi" diete keinuen bidez eta eurek lehenik antzeztuta, eta ekin diote eszenari.
Ikuskizuna amaitzear zela, opari bana egin diete aktore inprobisatuei, tartean, beldurtuta edo, pixka bat lehentxeago eszenariotik joan den Polonius jokatu duena haurrari.