ESKUALDEA

Eguzkik salatu du "behar baino estuagoa" dela Errekalde-Galarreta bidegorri proiektua

Txintxarri Aldizkaria 2024ko uzt. 10a, 13:31

Bidegorria GI-2132 errepide ertzean joango da, Errekaldeko biribilgunetik Galarretako errotondaraino. Argazkia: Eguzki Talde Ekologista.

"Txisteetan bezala, bi albiste eman behar dizkizuegu Errekalde-Galarreta bidegorri proiektuari buruz: ona bat eta txarra bestea". Eguzki Talde Ekologistak azpiegitura horri buruzko iritzia eman du, Gipuzkoako Foru Aldundiak egitasmo hori berriz ere jendaurrera atera duela iragarri ostean.

"Lehendabizi, albiste txarra, garrantzitsunea iruditzen baitzagu: proiektuak jarraitzen du behar baino estuagoa izaten, izan ere, hiru metro zabal baino ez ditu alde batetik bestera", azaldu du Eguzkik. Distantzia horrek ez du betetzen Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planaren zein Gipuzkoako Bizikleta Bideen Eskuliburuan jasotakoa, txirrindulariek eta oinezkoek partekatutako bi norabideko ibilbideek gutxienez lau metro zabal behar dutelako ezkerretik eskuinera. "Gero eta zabalera gutxiago, orduan eta arazo gehiago izateko aukera erabiltzaileen artean".

Berri ona, aldiz, hauxe da: bidegorriak batez beste hiru metro zabal izanagatik, zati batzuetan "nabarmen" estutzen zen, 1,80 metrora estutu ere. "Foru Aldundiak jendaurrera atera duen proiektu berrian desagertu egin dira eremu horiek". Eguzkiren iritziz, hori posible izan da aurreko egitasmoa egiteko "oinarrizko irizpideetako bat" militarrek Lore Tokin dituzten lursailak ez ukitzea zelako. Erakundeak argitara atera duen proposamen berrian "malgutu" egin du baldintza hori.

Ildo horretatik, eragile ekologistari "adierazgarria" iruditzen zaio bi txostenen arteko aldea: lursail horietan "inolako eraginik" ez izatetik, "inpaktuak leuntzeko neurriak" hartzera. "Aurreko proposamena idatzi zutenek bidegorria nahitaez eta ahal bezala enkajatu behar zuten GI-2132 errepidearen eta militarren finkaren artean, bata zein bestea ukiezinak zirelarik: horra proiektatutako bidegorriaren zabalera zeharo desegokiaren arrazoia". Arestian esan bezala, Eguzkik zehaztu du baldintza horiek "malgutu" egin dituztela: "Memoriatik, behintzat, 1,80 metroko zati estuen aipamena desagertu da". 

"Atzerapen handia"

Eguzkik deitoratu du "atzerapen handia" duela Errekalde-Galarreta bidegorri zatiak. "Zehazki, 2021etik zerbitzuan egon behar zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri zuen hurrengo urteko udararako Chillida Leku museoraino behintzat eginda egongo zela baina ez zuten bete eta horrela jarraitzen du". Halaber, Gipuzkoako Oinarrizko Bidegorri Sarea "barraskilo abiaduran" doala salatu du.