Arratsaldeko saioei hasiera ederra eman die Hipodromoak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko uzt. 10a, 10:45

Lagunilla zalditegiko Port Galland eta Chiquitin, borrokan. Arg.: Isaac Farre Rico.

Udako arratsaldeko jardunaldiak hasi dira Hipodromoan. Hilaren 7an, Belle Epoquera itzuli zen instalazioa eta denetariko lasterketak ikusi ahal izan ziren, hala nola, Lasarte-Oriako Lagunilla zalditegiaren garaipena

Herritarrek Jose Luis Borrego-Port Galland bikoarekin eskuratu zuten eguneko bigarren saria, Belle Epoque saria. Azken 200 metro zirraragarriak izan ziren. Port Galland aurretik zihoan arren, Chiquitin bere parean jarri zen eta bien arteko lehia bizia izan zen. Batera iritsi ziren helmugara eta argazkiari esker jakin zen garailea, Port Galland.

Beste protagonista batzuk ere izan ziren arratsaldeko saioan, Nicolas de Julian jockeya batetik eta Corredores Agrupados zalditegia bestetik. Biek bina saria irabazi zituzten, bata elkarrekin. Jardunaldiko azken saria izan zen hori, Ayerdi Bitxitegia. Julianek Sir Polo zaldiarekin eraso ederra egin zuen zuzenguneko azken metroetan eta erraz irabazi zuen.

Jockey madrildarrak Hipotour saria ere eskuratu zuen Katara behorrarekin batera. Ongi kokatua joan zen bikoa lasterketa osoan eta azken zuzengunean erraz aurre hartu zien aurkari guztiei. Helmugara bakarrik iritsiz gailendu zen. 

Corredores Agrupados zalditegia, aldiz, Jaime Gelabert eta Sir Edwarden eskutik lortu zuten Viura Hotela saria. Arratsaldeko hirugarren sarian, Bugatiko bihurgunetik ateratzerakoan, buruan zeuden Passingshot eta Camargo bata bestea jo eta biak lurrera joan ziren. Ondorioz, atzetik zihoan taldetxoak borrokatuko zuen saria. Sir Edward-Gelabert ongi kokatuak zeuden barruko makilan; zuzengunean pixkanaka aurre hartu eta garaipena erdietsi zuten.

Horren guztiaren aurretik, Nagore Otaño Oroimenezkoak eman zion hasiera jardunaldiari; Gonzalo Pineda-Amtiyaz izan ziren nagusi hasieratik amaierara.