Gaztelekuan entseatzeko gela eska dezakete herritarrek

Txintxarri Aldizkaria 2024ko uzt. 10a, 10:12

Musika entseguak "lokal egoki eta intsonorizatu batean" egiteko aukera ematen die udalak herritarrei. Erakundeak jakinarazi du erreserba egiteko azken eguna larunbata dela eta interesa dutenek fisikoki nahiz sarean eska dezaketela aretoa.

Eskaera orria udalaren webgunetik deskargatu behar dute herritarrek eta egoitza elektronikoaren bidez edozein unetan edo Udal Erregistroan aurkeztu, 09:00etatik 14:00etara. Dokumentu horretan honako datuak jaso behar dituzte eskatzaileek: taldearen izena, entseguak egiteko egun eta orduak eta taldekideen zenbait datu (izen-abizenak eta NAN zenbakia).

Erreserbak egiteko epea itxi eta gero eskaerak gainbegiratuko ditu Gazteria sailak eta bilera bat egingo du interesa adierazi duten musika taldeekin datorren asteko asteazkenean, 10:00etan, Gaztelekuan.