Gazte sahararrei harrera egin diete udal ordezkariek eta Ttakuneko Udako Txokoetako lagunek

Txintxarri Aldizkaria 2024ko uzt. 9a, 13:45

Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteko Udako Txokoetako gazte zein begiraleek harrera beroa egin diete Oporrak Bakean egitasmoaren bidez uda Lasarte-Orian igaroko duten Hassanna, Ahmed eta Jalil gazte sahararrei.

Udal ordezkariek harrera egin diete, gaur eguerdian, udako bi hilabeteak Lasarte-Orian igaroko dituzten gazte sahararrei. Agustin Valdivia alkateak hitza hartu du protagonistei ongietorria emateko; poza agertu die herrira etorri direlako, eta, aldi berean, eskertuta agertu da hori posible egin duten harrera familiekin. Hondartzara joan ote diren galdetu die hiru gazteei, gaztelaniaz, eta Isaak begiralearen (Euskal Herrian bizi den sahararra da) laguntzarekin erantzun dute baietz edo ezetz. Harrera familietako kideak ere bertan izan dira, eta horiei zer moduzko esperientzia izaten ari den ere galdetu die Valdiviak; horien bizipenen berri izan du. 

Hitzartzea amaituta, opari bana jaso dute hiru gazteek alkatearen eta Sozioekonomia batzordeburu Nuria Fernandezen eskutik eta talde argazkia atera dute. 

Ostean, denak elkarrekin Okendo plazara joan dira. Ordurako bertan ziren Ttakun Kultur Elkarteko Udako Txokoetako haur eta begiraleak, eta horiek egin diete bigarren harrera. Aurreskua dantzatu diete lehenik, eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots sudurgorrien Iritsi da eguna kanta gero. Amaitu aurretik erregalu bana eman die txokoetako koordinatzaileak.