Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizaren hitzetan, “hitzarmen honek Euskal Herriko txoko anitzeko errealitateetara hurbiltzen gaitu, elkar ezagutzeko, hausnartzeko eta batera erronkei erantzuna emateko bidea zabalduko duelarik”. Azpimarratu du, halaber, “Tokikomen tokiko gertutasun hori ezinbestekoa da, gizartearengana heldu eta eurekin elkarlanean eragiteko, guztion ongizatearen mesedetan”.
Tokiko hedabideen bateragunetik, berriz, “hitzarmenak aukera emango die toki komunikabideei Eusko Ikaskuntzak hizkuntza, kultura eta ezagutzaren bueltan egiten duen lanketa gizarteratzeko, eta aukera paregabea egiten dituzten bestelako proiektu pausatuagoetan sarbidea izan eta toki komunikabideetan sakon aztertu eta zabaldu ahal izateko”, nabarmendu du Tokikomen zuzendari Alaitz Artolazabalek.
Hitzarmenaren eta elkarlanerako gogoaren lehen fruitua hauxe da: Eusko Ikaskuntzak urriaren 2,3 eta 4an Gasteizen antolatu duen Elkartzen Gaituena XIX. Kongresuko babesle izatera pasako da Tokikom.
Eusko Ikaskuntza erakundea 1918an sortu zen Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako zein Nafarroako Foru Aldundien ekimenez, Euskal Herriko gizartearen beharrei erantzun orokorrak eta integratzaileak emateko. Tokikom, berriz, 2012an sortu zen, Euskaltzaleen Topagunean bildutako toki komunikabideen ekimenez, eta 78 toki komunikabide batzen ditu gaur egun, sektorearen behar bereziei modu eraginkorrean erantzuteko; tartean, TXINTXARRI aldizkaria.