Lasarte-Oriako atletak, Espainiako txapelketa batetik bestera

Txintxarri Aldizkaria 2024ko uzt. 9a, 13:00

Oinatz Almagro eta Iraia Alkorta, Malagan Ostadar SKTko bandera eskutan. Arg.: O. Almagro.

Lasarte-Oriako atletek maila ezberdinetako Espainiako txapelketak lehiatu zituzten hilaren 6an eta 7an. Ostadar SKTko Oinatz Almagro eta Iraia Alkortak 18 urtez azpiko txapelketa jokatu zuten Malagan (Andaluzia); taldekide Naroa Furundarenak eta Real Sociedad taldeko Yeray Veronizek, aldiz, Euskadiko selekzioarekin Federazioen arteko txapelketan parte hartu zuten, La Nucian (Alacant)

Aste bete ez zen igaro La Nucian Naroa Furundarenak absolutu mailako Espainiako txapelketan laugarren postua eskuratu zuenetik eta herriko atletak, berriro ere, Alacanteko herrira egin zuen bidaia. Oraingoan Euskadiko selekzioko kide modura borrokatu zen herritarra Federazioen arteko Espainiako txapelketan. 

Proba bakarrari egin zion aurre oraingoan Furundarenak, jauzi hirukoitza eta 12,87 metroko jauziarekin bigarren postua eskuratu zuen.

Ez zen lasarteoriatar bakarra izan; Real Sociedad taldeko Yeray Veroniz 4x100 m. errelebo mistoan egin zuen lasterka. Veronizek probako lehen posta egin zuen. Helmugan laukoak 44.00 marka egin eta seigarren amaitu zuen lasterketa.

Euskadi zortzigarren sailkatu zen txapelketan; guztira 368,5 puntu eskuratu zituen.

Ezin finalera sailkatu

Ostadar SKTko Oinatz Almagro eta Iraia Alkorta, aldiz, Malagan izan ziren 18 urtez azpiko Espainiako txapelketan. Biek hilaren 6an izan zuten proba Malagako Hiria estadioan. 

Alkortak goizean 100 m. lasterketako lehen sailkapen proban parte hartu zuen eta 12,38 markarekin ezin izan zuen finalerdirako txartela eskuratu.

Arratsaldean Almagrok ere ez zuen jauzi hirukoitzeko zortziko finalera iristea lortu. Bigarren saiakeran 12,80 metroko jauzia egin eta hamabigarren amaitu zuen lehia.